Aldaketa garaia da hezkuntzan. Gauzak berriz pentsatu eta, zergatik ez, proposamen berriak abian jartzeko garaia. Baita jolastokietan ere. Patioek duten garrantziaz jabetuta, hausnarketa eta prozesu parte-hartzailea hasi dute hainbat ikastetxetan, "elkarbizitzarako patio hezitzaile bat" lortzeko asmoz. Hala egin dute, esate baterako, Gasteizko Odon de Apraiz ikastolan, ikasle, guraso, irakasle eta auzokideen arteko elkarlanari esker.
Elkarbizitzarako jolastoki izatea "erronka" dutela azaldu du ikastolako guraso taldeko Patricia Saratxok ALEA FM irrati saioan egindako elkarrizketan, eta gaur egun hori ez dela betetzen zaharkitutako ikastoletan: "Guraso bezala ikusten dugu jolas eta erabilera batzuek beste batzuek baino garrantzi handiagoa hartzen dutela patioan, eta, beraz, ez dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak bultzatzen ari". Haren ustez, jolastokien diseinuak eta ezaugarriek umeen jokaera eta jarreretan "eragin handia duten mezuak" igortzen dituzte, eta horietan eragin beharra dago.
Goizeko jolastokia ez ezik, arratsaldetan auzoko familiak elkartzeko plaza ere bada Odon de Apraiz ikastolako patioa, eta, beraz, "zaindu" beharrekoa. "Ikastolan kultura desberdinetako auzoko familiak elkartzen gara, gure umeek elkartzen gaituzte; kohesio sozialerako ardatza da patioa", aipatu du Saratxok.
Prozesua martxan jarri ahal izateko, hezkuntza espazioen eraldaketan lan egiten duen Nondik arkitektura estudiora jo zuten gurasoek, eta eurekin batera eman dituzte lehenengo pausoak. "Prozesu parte-hartzaile bat diseinatu zen neurrira, ikasleen, irakasleen eta gurasoen inplikazioa prozesu guztian zehar bermatzeko eta hausnarketa kolektibo bat martxan jartzeko", azaldu du Nondik-eko Ahinitze Errastik. Hala, ikasleekin behaketa saioak egin dituzte jolastoki orduetan, zer erlazio ematen diren eta espazioak zer eragin duen ezagutzeko, eta lehenengo ondorioak argiak dira: espazio zabal bat da, testuinguruagatik klabea dena auzoko bizitzan eta eskolako egunerokoan, baina ez dago diseinatuta horretarako. "Espazio huts bat da, kirol arautura bideratua, patio gehientxuenak bezala, eta bertan ematen diren erlazioak eta elkarbizitza ereduak ez dira eman beharko liratekeenak", gogoratu du Errastik. "Ez dago lekurik elkarrizketarako, beste modu batera erlazionatzeko eta esperimentatzeko".
Haurrak protagonista
"Zer gertatzen da zuen patioan? Nork erabiltzen du? Nork agintzen du?". Hausnarketarako galdera horiek planteatu dizkiete haurrei lehendabiziko saioetan, eta euren "testuingurutik" ateratzea ez dela erraza gogoratu du Errastik. "Kostatzen zaie testuingurutik atera eta ideiekin amets egitea. Baina amets egitean ez dira futbol zelaiak irtetzen; ateratzen dira tirolinak, natura inguruneak, lasai egoteko txokoak, babesguneak...". Eta, hain zuzen, ideia horien atzean zer dagoen identifikatzea da Nondik estudioaren lana, beraien behar espazialak zeintzuk diren ezagutzea.
Lehen saioetan ikusarazi dute zenbat espazio hartzen duen gutxi batzuk egiten duten ekintza horrek eta zenbat espazio hartzen duen besteak. "Gu joan ginenean neskak eta mutilak zeuden futbolean; ez da genero kontua soilik, baizik eta garrantzia ematea kirol espezifiko bati eta horren arabera egituratzea guztia, horrek islatzen dituen balio eta erlazio motei dagokionean". Errastik azaldu du "interesguneak" sortzea dela helburua; natur guneak, esate baterako.
Urteetan atzera eginez, Patricia Saratxok gogoratu du duela 35 urteko egitura duela ikastolak, bera ere ikasle zen garaikoa. Orduan futbolean aritzen zen bera, eta erdigunean "babestuta" zegoela dio, ikastola erdian, "baloiaren kolpeak beste batzuk jasotzen zituztelako, albo batean zeudenak, neskak gehienak". Gizartea aldatu dela dio, eta beste lehentasun batzuk daudela orain: "Gizartea, zorionez, aurrera doa, eta patioa inklusiboa izateari garrantzia ematen diogu, genero berdintasunetik abiatutakoari."
Prozesua hasi aurretik, interbentzio puntual batzuk egin dituztela azaldu du Saratxok, ikasleekin auzolanean. "Zutabeak margotu ditugu, ortu txiki polit bat ere prestatu dugu; ikastola beraiena dela ikusten dute eta inplikatu egiten dira".
Nondik estudioarekin batera jarraituko du prozesuak, patio eraldaketara bidean. "Prozesua ez da amaituko, ordea; eraldaketa txikien bitartez joango garelako eraldatzen", azaldu dute.
Jardunaldiak, Europan
Hain zuzen, eskoletan espazioek duten garrantzia izango dute solasgai larunbat honetan, hilaren 26an, Europa jauregian antolatu dituzten jardunaldietan.
Neuroarkitekturan eta hezkuntza-inguruneetan aditua den Ana Mombriedok (Mallorca) emango dio hasiera Eskola eta espazioa jardunaldietako amaiera ekitaldiari Neurozientziak eta hezkuntza-espazioak hitzaldiaren bidez. Leioako Betiko ikastolako eta Egibide ikastetxeko ikasleen testigantza ezagutzeko aukera ere egongo da horietan; proiektuaren nondik norakoak azaltzen izango dira Jolaskide-ko Leyre Cano psikopedagogoa, Oihana Leunda eta Irantzu Lekue artistak eta Nondik estudioko Ahinitze Errasti.