Zadorrak eta Baiak gainezka egin eta gero, Uribarri husten hasiko dira ostiralean

Estitxu Ugarte Lopez de Arkaute 2019ko urt. 24a, 17:02

Euriteen ondorioz, errepide ugari moztuta daude, eta hainbat herritan ezin da sartu.

Euriteek asteazkenean gauean eta ostegunean goizean sortu dituzten arazoez gainera, orain arreta Uribarriko urtegian jarrita dago; izan ere, ostiralean hasiko dira  urtegia husten, eta horrek kalte larriak ekar ditzake presaren inguruetan. Erakundeen arteko Zadorrako mahaia bildu berri da Zadorrako urtegi sistematik ur hustutzea adosteko, balizko euri berriei toki egiteko. Hala, 15 m³/s-ko ur-hustutzea egingo da bai Ullibarritik, baita Urrunagatik ere. Litekeena da, gainera, asteburu osoan ur-hustutzeak mantendu behar izana, "baina ez da aurreikusten Zadorrako arroan arrisku egoerarik sortuko denik".

Añanan eta Trebiñun, batik bat, arazo larriak sortzen ari dira Zadorra eta Baia ibaiak, baita Omecillo ibaia ere Gaubea aldean. Gainezka egin dute ibaiek zenbait puntutan, eta hainbat errepide moztuta daude Erriberagoitian, Iruña Okan, Argantzonen eta Kuartangon. Besteak beste, Billoda, Pobes, Anuntzeta eta Tresponde urak inguratuta daude, eta bertara sartzeko edo bertatik ateratzeko traba handiak daude. Gainera, goizean zehar Arabako suhiltzaileek hainbat lagun erreskatatu behar izan dituzte, urak hartutako tokietatik sartzen saiatu direlako kotxean. Moztuta dauden errepideen informazio eguneratua ematen ari da Arabako Foru Aldundia bere web orrian .

Bere aldetik, Gasteizko Udaltzaingoak ohartarazi du Zadorra ibaia gainezka egiteko zorian dagoela Abetxuku auzoan. Dena dela, Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea desaktibatu dute, ez baita aurreikusten elurra egingo duenik Arabako hiriburuan. 

Argazkiak: PHOT.OK, Kuartangoko bizilagunak, Arabako Suhiltzaileak.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide