Arabako Foru Ogasunak 2.404 milioi euro bildu ditu 2018an, aurreko urtean baino %4,4 (101 milioi) gehiago. Aurreikusitako diru-bilketa ere gainditu dute iazko zenbakiek.
Nabarmentzekoa da zuzeneko zergek izan duten %12,6ko igoera. Zehazki, zuzeneko zergen bidez 1.158 milioi euro bildu dira, 2017an baino 130 milioi gehiago. Zenbateko horretatik 74 milioi PFEZ bidezko diru-bilketaren igoerari dagozkie, eta 44 milioi sozietateen gaineko zergaren bidez bildu dira. Izan ere, jarduera ekonomikoak eta enpleguak hobera egin izanaren ondorioz, %5,5 igo da konturako atxikipenen bidezko diru-bilketa, eta %6,3 autonomoek egindako ordainketak.
Zeharkako zergetan, orotara %6,3ko hazkundea izan da; alegia, 2017an baino 59 milioi gehiago bildu dira, aurreikusi baino %0,8 gehiago.
Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, 89 milioi euro gutxiago bildu dira, 2017an kupoa erregularizatu zelako, eta horrek 99 milioi euroko finantziazio gehigarria ekarri zuen Ogasunera.