"Urreiztieta ez zuten gogoratu beharrekoen zakuan sartu"

E. Lanao eta I. Lazkano 2019ko urt. 22a, 09:30
Josu Martinez. / EITB

Martin Ugalde kazetariak Lezo Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketa ardatz hartuta, Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala prestatu du Josu Martinez zinegileak.

Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerriko gobernuekin, mugalaria izan zen, kontrabandista eta beste hamaika lanetan aritutakoa. Hilaren 23an Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztuko duen dokumetalaren berri eman du ALEA FM irratsaioan. 

Zerk eman zizun atentzioa Lezo Urreiztietaren atzetik joateko?

Uste dut dena dela berezia Lezorengan. Berari buruz entzun eta segidan deitzen du arreta, neuri bakarrik ez. Lezo izan zen itsasgizon bat, abertzalea, utopikoa, idealista, heterodoxoa. Eta, aldi berean, kontrabandista, pirata… halako gauza asko esan genitzake. Ehunka lagun salbatu zituen hegoaldetik iparraldera pasatuz errepresio garaietan, euskal gudarientzako armak ekarri zituen kontrabandoz gerra garaian Europako herrialde desberdinetatik, Franco hiltzeko atentatuak saiatu  zituen, Frantziako erresistentziekin kolaboratu zuen, Euskal Herria askatzeko plan desberdinak izan zituen… Nola ez deitu atentzioa, ezta? 

Nondik abiatu zinen dokumentala sortzeko?

Lezoren ahotsez kontatzen da dokumentala. Martin Ugaldek 1970eko hamarkadan egin zizkion elkarrizketa batzuk dira dokumentalaren ardatza, horietatik abiatzen delako. Lezo bera da, zaharra zenean, bere bizitza kontatzen duena goitik behera, tartean, aipatu ditugun horiek eta beste asko ere bai. Zinta horietatik abiatu nintzen.

Nola izan zenuen haren berri?

Ezagutu nuen jende batek aipaturik, baina oso gutxi zegoen haren inguruan. Jakin nuen Martin Ugaldek elkarrizketa horiek egin zizkiola eta zinta horien bila hasi nintzen. Aurkitu nituenean berehala ikusi nuen istorio izugarria zegoela kontatzeko, eta dokumental bat izan behar zela; justuki horregatik, Lezok berak kontatu zezakeelako eta oso erakargarria zelako. Lezok badu baita ere mintzatzeko manera eder bat, ikusten da nortasun handiko pertsona dela, karisma handikoa eta uste dut ikusleak bere eskutik eramaten dituela pelikula guztian. Lezoren ahotsa dokumentaleko bihotza da, eta harekin batera bada "bigarren mailako" koro bat: Lezoren senideak, historialariak, lagunak eta beste hainbat. Lezo Urreiztietak esandakoak aberastu, zehaztu edo testuinguruan jartzen dituzte hauek.

'Gure sorlekuaren bila' aritu zinen aurreko dokumentalean. Oraingoan nolako lana izan duzu zinta horiek bilatzeko?

Andoaingo udaletxean zeuden. Kartoietan zeuden; neu nintzen lehen pertsona horiek entzuten zituena grabatu zirenez geroztik, inork galdetu ez zuelako orain arte. Non zeuden jakin nuenean, ez da arazorik izan, Martin Ugalderen familiak eta Udalak erraztasun guztia eskaini zidaten. Zorionez egoera onean zeuden, digitalizatu, etxera eraman, eta, hortik aurrera, hori guztia neureganatu eta nolabait hari bat tiratzeari ekin nion.

 

Zergatik izan da ezezaguna halako pertsonaia bat orain arte? 

Zaila da erantzuten. Nik haren berri izan nuenetik berari lotu nintzaion; galdera hori erantzun beharko lukete nolabait ahazturan mantendu dutenek. Gerra zibileko hainbat pertsonaia ezagutzen ditugu, baina Lezo ez zuten gogoratu beharrekoen zakuan sartu. Eta nik hipotesi bezala esango nuke agian Lezo gizon librea zela, oso librea ere, eta alderdi edo mugimendu politiko bakar batek ere ez zuela bere memoria osoki erreibindikatzen ahal. Gure herrian historia pixka bat modu manikeoan egin da, onak eta txarrak, gu ta gutarrak izaten da oihurik errepikatuenetako bat eta horrela egin izan dira gauzak. Eskema horien barruan Lezo ez da sartzen. Lezok bazituen bere ideiak, independentista sutsua zen, gehiegiko militantea, baina horrek ez zion eragotzi beste jende ugariri laguntzea; Jose Antonio Agirrerekin baino harreman hobea izan zuen Indalecio Prietorekin, eta sozialistak, komunistak, ETAkoak lagundu zituen bere bizitzako garai ezberdinetan. Eta agian horrek, heterodoxia horrek, edo libre izate horrek utzi du orain arte behintzat memoriaren zeratik kanpo.

Antza denez, Pazifikoan irla bat erosteko ametsa izan zuen, euskaldunok bertara joateko ametsa.

Ametsa baino gehiago izan zen, hori burura eramateko hainbat gauza egin zituelako; Lazaro Cardenasekin ere bildu zen, Mexikoko gobernuko jendearekin. Eta hori gaur egun asmo ero bat irudi du, baina kontestuan jarri behar da; Lezok hori pentsatzen zuen garaian juduek antzeko gauza bat egin zuten. Bera zerbait baldin bazen, uste dut Euskal Herriaren askatasunaren aldeko gudari bat izan zela, bihotz bihotzerainoko independentista bat, eta une batean heldu zenean konklusiora Espainia eta Frantziaren artean oso zaila izango zela independentzia lortzea sekula, beste alternatiba batzuk bilatzen hasi zen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide