100 familia behar dira udan haur errefuxiatu sahararrak harreran hartzeko

Erredakzioa 2019ko urt. 18a, 11:29

2018ko udan 316 neska eta mutil saharar etorri ziren Euskadira, eta, aurten, beste horrenbeste etortzea nahi dute. Horretarako, gutxienez, 100 familia gehiago beharko dira.

Oporrak Bakean programa antolatzen duten elkarte eta udalek euskal gizartea kontzientziatu eta egiten duten lana ezagutarazteko helburu duen kanpaina berria abiatu da Orain bi familia ditut: bat Saharan eta bestea Euskal Herrian lelopean. Kanpainaren ordezkarien hitzetan "leloak oso modu egokian laburtzen du programan parte hartzen duten neska eta mutilen esperientzia, eta baita horiek hartzen dituzten harrera familiena ere". 

Badira 30 urte baino gehiago euskal familiek, udako hilabeteetan, haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituztela, eta aurten ere berdin izan dadila bilatuko dute. Horregatik Euskal Herriko familiak animatu gura dituzte haur errefuxiatu sahararrak etxean hartzeko uda garaian.

Kanpainak ikus-entzunezko euskarri ezberdinak ditu eta hainbat urtetan Euskal Herrira etorri diren haurren testigantzetan oinarritzen da. Testigantza horien bitartez, haien egonaldietatik gustukoen dituzten gauzak edo arreta gehien deitu diena kontatzen dute.

Udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizitzen

Herri Sahararrak 40 urte baino gehiago daramatza errefuxiatu kanpamentuetan bizirauten, munduko basamorturik idorrenetako batean, euren lurraldera itzuli ezinik. Kanpamentu horietan 14 urtetik beherako 56.000 ume bizi dira, eta horietatik %30ek hazkunde gabeziak dituzte, klima gogorra eta elikadura baldintzen ondorioz. Hori dela eta, Oporrak Bakean programak 10 eta 12 urte bitarteko haur saharar errefuxiatuak udan, bi hilabetez, euskal familiekin bizi daitezen sustatzen du. Egonaldi horien helburu dira: umeak basamortuko baldintza gogorretatik urruntzea da (gerizpean 55ºtara heltzen diren tenperaturak), hazten ari diren adin honetan lagunduko dituen elikadura egokia jasotzea, azterketa medikuak egitea eta euskal kultura eta saharar kulturen arteko lotura sustatzea.

Edozein motako familia izan daiteke harrera familia: pertsona bakanak, elkarbizitza unitateak, seme-alabadunak zein seme-alabarik ez dutenak. Baldintzarik garrantzitsuena denbora eta gogoak izatea da, haurrari arreta eskaini ahal izateko, eta bizi eta lo egiteko tokia eskaini ahal izatea.

 

Informazioa jaso eta programan parte hartzeko

Haur saharar bat uda honetan harreran hartzeko interesa duten familia edo pertsonek dagokien elkarte edo udalarekin jar daitezke kontaktuan, edo Arabako pertsona arduradunarekin zuzenean, telefeno bidez 665711947 edo posta elektronikoz oporrakbakean@gmail.com

Informazio gehiago oporrakbakean.eus webgunean dago eskuragarri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide