Martiodako Faunaren Suspertegian sendatzen ari dira Arabako Mendialdean iragan urtean askatu zuten Izki izeneko bonelli arranoa. AQUILA a-LIFE proiektuko arduradunek zabaldu dutenez, iragan udazkenean, eskopetari batek bonellia tirokatu zuen; zaintzaileek animalia salbatzea lortu bazuten ere, perdigoi ugari aurkitu zioten gorputzean, eta Martiodako zentroko albaitariengana eraman behar izan zuten. Zorionez, ondo sendatzen ari da Izki, eta aurki espero dute berriro Arabako Mendialdean askatzea.
AQUILA a-LIFE egitasmotik adierazi dute salaketa jarri dutela Gasteizko Fiskaltzaren aurrean, eta epaiketa judiziala abiatu dela bonelli arranoa tirokatu zuen eskopetaria zigortzeko. Bonelli arranoa hegazti harrapakari mehatxatua eta lehentasunezkoa da Europan. Iberiar penintsulan dago Europan duen populazioaren %80 baino gehiago. Lau hamarkadatan, %75eko gainbehera izan du Araban.
Arabako AQUILA a-LIFE taldeak hiru egun igaro zituen Izki arranoa bilatzen, animaliak dituen emisoreak oso seinale txikia ematen zuela konturatu zirenetik. Hegaztia ez zen ia mugitzen, eta sarbide zaila duen ingurune menditsu batean zegoen. Aurkitu eta berehala Martiodako Faunaren Suspertegira eraman zuten. Bonelliak perdigoien talka ugari zituela ikusi zuten, baina tiroek ez zuten bizi-organorik ikutu.