Jaioberri bakoitzeko 1.000 euro arteko laguntza jasoko dute familia arabarrek

Jaioberri bakoitzeko 1.000 euro arteko laguntza jasoko dute familia arabarrek

Jaiotze-tasa bultzatzeko asmoarekin onartu dute neurria Batzar Nagusietan.

PP, EH Bildu eta Orain Arabako ordezkarien botoei esker onartu da Arabako Batzar Nagusietan jaiotze-tasa sustatzea helburu duen neurria. Zehazki, jaioberri bakoitzeko 1.000 euro bitarteko laguntza ematea adostu zuten atzo.

Errentaren araberakoa izango da hori. 40.000 euro bitarteko sarrerak dituzten familiek 1.000 euro jasoko dituzte; 40.000 eta 75.000 euro artekoak dituztenak, 500 euro; eta hortik aurrerakoentzat, 250 euro. Datozen asteotan erabakiko dute laguntza horien eskaerak nola egin; jakinekoa dena da 2019ko urtarrilaren 1etik jaiotako haurren familiei zuzenduta dagoela.

PFEZ-an aldaketak

Ez da Batzar Nagusietan atzo hartutako erabaki bakarra. Arabako Ogasunak PFEZ-ren salbuespena 16.800 eurora arte igotzea ere onartu zuten; 2019ko errenta aitorpenean ezarriko da esandako neurria. Bestalde, 65 urtetik gorakoek ere beste laguntza bat izango dute; hain zuzen ere, bi milioi euro bideratuko dira eskaera egiten duten pertsona nagusien artean.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide