Armagintza, mahai gainean

Armagintza, mahai gainean
Besteak beste, Askapena, Emakumeok Gerraren Aurka, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Setem eta Oxfam batu dira salaketarekin. /Alea

Gerraren negozioa salatu eta euskal industria militarraren "birmoldaketa" galdegin dute hainbat eragilek; armagintzari buruzko jardunaldiak antolatu dituzte urtarrilaren 22tik otsailaren 2ra.

Ba al dakigu zertan inbertitzen dituzten bankuek gure aurrezkiak? Nola liteke euskal futbol talde baten presidentea, Errealarena alegia, gerra-tanke fabrika baten zuzendaritzako kide izatea? Galdera horiek mahai gainean jarri nahi izan ditu Gerrarako Eusko Label Armak ekinaldiak, Euskal Herriko hainbat armagintza enpresek gerrarekin duten ardura zuzena salatuta. "Euskal Herrian babarrunak, orburuak eta piperrak baino zerbait gehiago ekoizten da. Armak ekoizten dira, gerrarako armak, hiltzen duten armak".  

Salaketa horrekin bat egin dute, besteak beste, Emakumeok Gerraren Aurkak, Askapenak, Greenpeacek, Bake Ekintza Antimilitaristak, Setemek, Gasteizkoak edota Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeek, eta euskal industria militarraren produkzioaren "birmoldaketa" bat beharrezkoa dela nabarmendu dute. "Produkzio honen helburua erabilera zibila izatea irizpide etiko jasangarri eta solidarioak jarraituz eta bizitza erdigunean jarriz", aipatu dute  Zapateneon egindako agerraldian. "Gure lan egiteko eskubidea ezin da inolaz ere besteen bizitzarako eta askatasunerako eskubideen gainetik egon". Jakinarazi dutenez, Euskal industria militarrak 500  milioi eurotik gorako irabaziak ditu urtero, eta gaur egun ehun enpresak baino gehiagok haien produkzio osoa edo zati armen ekoizpenera bideratzen dute.

Jardunaldiak

Hala, armagintzaren errealitatea ezagutarazi eta salaketa egiteko asmoz, jardunaldiak antolatu dituzte Gasteizen. Ina Roblesek, Bizkaiko suhiltzaile objektoreak, irekiko ditu jardunaldiak hilaren 22an, La guerra empieza aquí hitzaldiarekin; Aldabe gizarte etxean izango da, 19:00etan. Urtarrilaren 24an, Joseba Sanzek armagintzari buruz prestatutako dokumental bat eskainiko dute Florida zinemetan. Hilaren 30ean Monica Vegak gerraren finantziazioaz eskainiko du hitzaldia Aldaben. Eta Itziar Rekalderen Bidaiek ez dute bueltarik eskainiko dute otsailaren 1ean Monstrenkan. Bertako produktuen azoka batekin emango diote amaiera Correos plazan, otsailaren 2an.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide