Datorren martxoaren 8an "kapitalismo heteropatriarkalari" planto egiteko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, gaur goizean Gasteizko Talka espazioan egindako agerraldi batean.
Zaintza izango da aurtengo grebaren erdigunea. Besteak beste, "zaintzaren berrantolaketa soziala" eskatu dute, ardura hori "zapalduon bizkarrean" gera ez dadin. Horretarako, hitzarmen sozial berri bat beharrezkoa dela adierazi dute. Zentzu horretan, bai soldatapean zein doan jardun horretan dabiltzan emakumeekin "aliantzak" sortu nahi dituzte, lan horiek gizarteren aurrean azalerazteko. Grebaren egunean, gizonezkoei zaintza horien ardura guztia hartzea eskatu diete.
Grebaren edukiak zehazterakoan, "oinarri politiko" komunak adostu dituzte aurten. Horretarako, kolektibo desberdinekin bildu dira. Txosten bat osatu dute kontaktu horien harira, eremu ezberdinetan antolatuta dauden emakumeen aldarrikapenak biltzeko. Orotara, 25 puntu baino gehiago zehaztu dituzte.
Lantokietan eta ikasgeletan greba egiteaz gain, mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Horrez gain, zaintzaren jardunari utzi egin zaiola azalerazteko, "amantala balkoian eskegitzeko" eskatu dute. Grebarekin bat egiten dela erakusteko "besoko morea eta txapa" ipintzeko eskatu dute ere.
Bestetik, "emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu" beharra dagoela uste du mugimendu feministak, baina gaur egun "kategoria hori zapalkuntza izendatzeko" baliagarria zaiela diote. "Emakume* hitza erabiltzen dugunean, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari gara". Hortaz, grebaren subjektua "emakumeak, bollerak eta transak" izango direla azaldu dute.
Ohartarazi dute ez dutela onartuko mugimendu feministaren borroka "inork xurgatzea", eta egon litezkeen deialdi "alderdikoi edo korporatibista interesatuak" alboratzeko deia egin dute. Gogoratu dute kontsumo greba ere izango dela, "hiriak, herriak eta auzoak" geldiaraziz. "Dena itxita egotea da helburua".