Alavesek goian jarraitzeko puntu bat lortu du Gironan

Ibon Gorrisi 2019ko urt. 14a, 09:58

Atzealdean sendotasun ikaragarria, eta zelai erdian zein aurrealdean lan eta lan aritu dira arabarrak. / LA LIGA

Talde arabarrak historiako lehen itzulirik onena egin du.

Alavesek puntu garrantzitsu bat lortu du Gironaren aurkako partidan. Dagoeneko 32 ditu eta sailkapenaren goialdean jarraituko du. Klubaren historiako lehen itzulirik onena egin du. Ezbairik gabe, oso denboraldi bikaina burutzen ari da. Denon burura datorkigu Manek zuzenduriko talde hura. Biak ala biak antzeko samarrak baitira. Izan ere, talde lana da bien ezaugarririk nagusiena.

Lan eta lan, horixe bera egiten du talde arabarrak partida guztietan. Ez da kikiltzen eta jokalariek azken unera arte borrokatzen dute. Gironaren aurkako partida oso parekatua izan zen lehen minututik. Hasieran bi taldeek tentu handiz jokatu zuten gola ez jasotzeko. Halere, berehala Stuanik egindako gola etorri da. A zer nolako gola! Baloia area barruan kontrolatu eta txilenaz sarera bidali zuen. Berriz ere, Valentziaren kontra bezalaxe, maldan gora jarritako partidari aurre egin behar. Egia esanda, golak min egin dio taldeari eta lehen zati honetan iparra pitin galduta aritu izan da. Gironak burutiko eraso guztiak eskuin hegaletik etorri dira, eta hor Duarte atzelariari asko sufritzea tokatu zaio.

Atsedenaldia ondo baino hobeto baliatu du talde arabarrak partidan behar bezala aritzeko. Izan ere, bigarren zatia hasi bezain pronto jokoaren ekimena hartu du eta lerroak aurreratu ditu berdinketa lortu ahal izateko. Gola berehala etorri da, 50. minutuan, hain zuzen ere. Borja Bastonek, berriz ere, arean baloia harrapatu du eta zartako batekin sarera bidali du.

Berdinketa lortuta, Alavesek ohiko jokoa egin du. Atzealdean sendotasun ikaragarria, zelai erdian lana eta aurrealdean lan eta lan. Horren ondorioz, Girona nahi eta ezinean aritu da. Talde kataluniarra bost partida zeramatzan irabazi gabe eta punturen premia zeukan. Baina, ia-ia bigarren zati osoan ez dute inongo aukerarik izan arriskua sortzeko. Talde arabarrak, ordea, garaipena lortzeko aukera garbia izan du Borja Bastonen bitartez, baina atezainak geratu du. Azkenik, puntu bat irabazita eta galdu gabe jarraitzen du.
Hurrengo partida datorren ostiralean izango da, Getaferen aurka. Etxetik kanpo eta beste aukera goialdean jarraitzeko. Talde honek ez du mugarik. Esan genezake helburua beteta dagoela, hau da, mailari eustea. Hemendik aurrera datorrena datorrela ezin hobea izango da!

--

Girona: Bono; Alcala, Bernardo, Juanpe; Pedro Porro, Pere Pons, Douglas Luiz (60’. Valery), Granell (73’. Aleix García); Portu (82’. Lozano), Borja Garcia eta Stuani.


Txartel horiak: 40’. Douglas Luiz, 60’. Stuani, 79’. Pere Pons, 92’. Pedro Porro

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte; Sobrino (79’. Brasanac), Pina,  Manu Garcia, Burgui (92’. Martin); Borja Baston (88’. Guidetti) eta Calleri.

Txartel horiak: 21’. Calleri, 51’. Laguardia

Golak:

1-0: 12’. Stuani
1-1: 50’. Borja Baston

Montiliviko harmailak:

10.303 ikusle bildu dira Montiliviko futbol-zelaian norgehiagoka oso parekatua ikusteko. Alaveseko zale bakan batzuk bertan izan dira eta, nola ez, pozik atera dira talde arabarrak lorturiko puntuarekin.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide