Oztopoei aurre eginez lortutako garaipena

Oztopoei aurre eginez lortutako garaipena

Azken laurdenean partida puskatu eta garaipen garrantzitsua lortu dute gasteiztarrek Kanaria Handiaren kontra (83-66).

Euroligak jardunaldi bikoitza bizi izan du aste honetan eta Baskoniak Atenaseko porrot mingarria ahazteko denborarik gabe, Kanaria Handiaren kontrako partidari aurre egin behar izan dio, oraingoan etxean. Partida pilaketa, jokalarien nekea eta azken porrotak gutxi ez balira, min hartutako jokalarien zerrenda areagotzen ari da gainera. Gaurkoan Shengelia, Garino, Granger eta Sedekerskis gazteak osatzen duten baja zerrendari, Voigtmann ere gehitu behar izan zaio. Zazpi gizon besterik ez Perasovicen aginduetan partidari aurre egiteko, eta aulkia osatzeko, salbuespen egoerari erantzuna emateko prest dauden zenbait aurpegi gazte (Penava, Miguel Gonzalez, Kurucs eta Raieste).

Egoera horretan, entrenatzaile kroaziarrak ez du aparteko estrategiarik prestatu. Jokoan ikusitakoaren arabera, jokalariei eskakizun maila altua ezarri eta defentsa sendoan oinarritutako jokoa burutzen saiatu dira gasteiztarrak. Indarrak xahutzea eta partida gogortzen saiatzea izan da helburua.

Ezin esan partida ikusgarria izan denik gaurkoa. Huts egiteak eta erritmo bizian jokatu nahi izanagatik baloi galtzeak izan dira nagusi minutu askoan zehar. Zorionez, Baskoniak eskarmentu gehiago dauka maila honetako partidak jokatzen, eta minutu erabakigarrietan argi ikusi izan da. Hain zuzen jokalari nabarmenduenak Euroligan esperientzia gehien pilatzen dutenak izan dira, Huertas (24 puntu, 6 asistentzia) eta Diop (13 puntu, 10 errebote). Azken laurdenean partida puskatu eta garaipen garrantzitsua lortu dute gasteiztarrek azkenik.

Gaurko garaipenarekin zortzi onenen artean kokatzen dira gasteiztarrak eta hurrengo partida berriz ere etxean jokatuko dute Armani Milanen kontra (urtarrilak 18, 21:00). Euroligak  gainera ekin dio dagoeneko bigarren itzuliari eta ustez egutegiak mesede egingo dio Baskoniari datozen asteotan. Etxean jokatuko dituen partidak irabaztea ezinbesteko izango da playoffetan sartzeko lehian aukerak izaten jarraitu nahi badu.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide