Elurra badoa, baina asteburuan goibelduko du

Erredakzioa 2019ko urt. 11a, 13:47

Hotza eta eguzkia batera azaldu dira, baina txarrera joko du. Irudia: Egunsentia Aramaion. / JOSE LUIS MADINA @madinajl

Bertan behera utzi dute elurra eta izotzagatik ezarrita zegoen abisu horia, eta 1.000 metrora igo dute elur kota. Asteburuan 3 eta 11 gradu arteko tenperaturak espero dira.

 
 

Eguzkia lagun etorri da azken egunotako hotza, eta halakoetan izan ohi den moduan, paisaia ederrak margotu dira Arabako txoko askotan. Ostiralean ederki argitu du egunak, baina ez dirudi asteburuan hala izango denik, hodeiak ere iragarri dituztelako.   

Euskalmetek elurra eta izotzagatik ezarrita zegoen abisu horia kendu du. Ondorioz, hiriburuan prestatuta zegoen Elurteetarako Planaren larrialdi aurreko fasea desaktibatu du Gasteizko Udalak. Aurreikuspenak dio elur kota 1.000 metrotik gorakoa izango dela.

Asteburuari begira, termometroak zertxobait gora egingo du, baina ez gehiegi. Tenperaturarik baxuenak 3-7 gradu artekoak izango dira, eta 8-11 gradu artekoak altuenak. Larunbatean euria egin dezake, bereziki egunaren lehen zatian. Gainerakoan, zerua hodeitsu egongo da, tarteka oso hodeitsu, eta baliteke zenbait tokitan izotz txikia egitea. Iganderako ez da aldaketa nabarmenik espero. Ipar-mendebaldeko haizeak joko du, eta hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, euri txikiren bat egon daitekeelarik.

 
 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide