Ibai Gomezek eman ditu Gasteizen eman beharrekoak. Hilabete luzeak izan dira jokalariarentzat eta bere inguruan sortutako zurrumurruek forma hartu dute azkenik. Denboraldi bikaina jokatzen ari da erdilaria eta Alavesek mahai gainean kontratua berritzeko proposamena luzatu arren, Bilbo aldera itzultzeko erabakia hartu du azkenik jokalariak.
Ezbairik gabe, baldintza ekonomiko hobeko kontratuak aukeratzeko parada izango zuen aurtengo udan Ibai Gomezek, talde askok azaldu baitute azken boladan fitxaketa burutzeko interesa.
Alavesak bere aldetik, jokalaria Mendizorrotzan mantentzeko aukera eskasak ikusita, epe motzera salmenta burutu eta etekin ekonomikoa ateratzea lortu du bederen. Indarrean zegoen kontratua ekainean bukatutzat emanez gero, Alavesak ez zuen inolako dirurik jasoko, eta Athletic-ekin lotutako akordioari esker 3 milioi euro inguru jasoko ditu talde gasteiztarrak zenbait iturrik aditzera eman dutenez.
Aurtengo denboraldiaz gain, beste hiru urterako kontratua eskaini dio Athletic-ek 29 urteko jokalariari, eta horrenbestez, bere talde ohira bueltatuko da Sestaoko harrobiko jokalaria. Bilbotarrek aurtengo denboraldi eskasari buelta emateko beharrezko duten pizgarria izateko iritsiko da Gomez.