Luzapenean galdu du Baskoniak

Aritz Mtz. de Luna 2019ko urt. 8a, 22:05

Garaipena eskura izan ostean, porrot mingarria jasan du Baskoniak Olinpiakosen kontra (91-87).

Erronka zaila izan du Baskoniak gaurkoan Olinpiakosen kontrako partidan. Senghelia eta Garino bezalako jokalari garrantzitsuak min hartuta ditu Perasovicek asteotan eta goi mailako taldeen aurka zortzi jokalarirekin bakarrik lehiatzea ez da lan erraza.

Eragozpenei aurre eginez, talde-lanean oinarritu nahi izan dute gasteiztarrek beraien jokoa eta lehen zati benetan aipagarria jokatzea lortu dute. Baloia etengabe mugituta, joko aukerarik onena bilatuta eta ohikoak ez diren erabaki taktikoak hartuta Baskoniak aurre egin du lehen zati osoan zehar. Huertasek etengabe erasotu du sasoi fisikorik onenean ez dagoen Spanoulis azeri zaharra eta Voigtmann zein Poirierrek, normalean Sengheliak beregain hartzen duen barne jokoan saiatzeko erabakia hartu dute.

Aldageletatik bueltan, aldiz, Olinpiakosek partida gogortu nahi izan du eta zenbait minututan zehar Baskoniaren erasoko jokoa eragoztea lortu du. Halere, gogotsu jarraitu dute Baskoniako jokalariek eta partidako azken txanpan aurretik sartzea lortu dute.

Azken jokaldira arte garaipena esku artean izan dute gasteiztarrek, baina epaileen erabaki zalantzagarri eta Papanikolauk lortutako jaurtiketa nahiko zorionekoa tarteko, partida luzapenera eramatea lortu dute greziarrek.

Luzapenean ez da lehiarik izan. Baskoniak garaipena begi-bistan izan ondoren besoak jaitsi ditu eta garaipena etxean geratu da. Porrot mingarria, partida osoan zehar aurretik egon eta gero.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide