Javier Ruiz de Larrinagak (Zuia, 1979) erretiroa hartuko duela iragarri du. Sasoi bukaeran izango da hori, hilabete barru. Profesionaletan 13 denboraldi egin ostean, txirrindularitza utziko du.
Ziklo-kroseko ibilbide oparoan, besteak beste, Euskadiko txapeldun izan berri da, eta 70 sari irabazi ditu. Munduko Txapelketarekin bukatu nahi du ibilbide profesionala. "Momentu egokiena zen aldaketa honi aurre egiteko. Errendimendu maila onean utziko dut lehia", nabarmendu du txirrindulariak. Lehia profesionalean arituko ez bada ere, txirrindularitzari lotuta jarraitu nahi duela azaldu du zuiarrak. Denboraldia amaitutakoan, erretiroari buruzkoak azaltzeko agerraldia egingo duela aipatu du.