Arabako uraren kudeaketan norabide aldaketa eskatu du Zadorra Bizirik plataformak, eta hiru eskakizun egin ditu Ebroko Ur Konfederazioaren (CHE) aurrean, herrialdeko uraren babesa bermatzearren. Halaber, eskakizun horiek Batzar Nagusietan aurkeztu duen dokumentu batean bildu ditu, eta exijitu du Arabako Diputazioaren aldetik zein Batzar Nagusietan behar diren ekimenak, akordioak, foru arauak, edo planak onartzeko herrialdean uraren egoera hobetzeko. Plataformak gogoratu duenez, Uraren Euskal Agentziak egindako azken txostenen arabera, herrialdeko azaleko zein lur-azpiko uraren %70tik gora egoera txarrean dago.
Jabari publiko hidraulikoa eta uholde-arriskua duten eremuak behin betiko zehaztea galdegin du Zadorra Bizirik-ek CHEren aurrean, uraren arloan politika eraginkorrak bideratu ahal izateko, alegia "uraren eta ur-bazterren babesa bermatzeko eta lurrazalen erabilera baldintzatzeko". Halaber, Araban dauden ur mota desberdinak ezaugarritzea eta identifikatzea nahi du talde ekologistak, are gehiago kontutan izanik hainbat ikerketen arabera, EAEko ibaien goi-ibarrean %16ko murrizketa aurreikusten dela aldaketa klimatikoagatik. "Agertoki horretan ezinbestekoa da ur-masa bakoitzaren emari ekologikoa adostea, ekosistemaren oinarrizko funtzioak bermatzeko".
Taldearen aburuz, lehentasunezkoa da ere CHEk Zadorra sistemaren ustiapen-kurba berri bat ezartzea, Iberdrolarekin adostuta, baina gizartearen interes orokorra lehenetsiz. "Helburua Zadorra ibaiaren ingurumen-berreskuratzea bermatzea izan behar da, eta gure herrialdearen erresilientzia handitzea aldaketa klimatikoak ekar dezakeen fenomeno metereologiko kaltegarrien aurrean".