Urte berriarekin batera, prezioen gorakada gertatu ohi da. Hala, AP-1 autobideko Arabako zatia 5 eta 20 zentimo artean garestiago izango da 2019an, ibilgailuaren kategoriaren arabera: bost eta hamar zentimo bitartean ibilgailu arinentzat, eta hamar eta hogei zentimo bitartean astunentzat. Tarifa berriak Gasteiz eta Eibar arteko zatiari eragingo dio.
Gauzak horrela, ibilgailu arinek 1,15 euro ordainduko dute Etxabarri eta Luku arteko bidea egiteagatik, eta 2,10 euro, ostera, Etxabarri eta Arabako muga arteko zatiarengatik. 1 motako ibilgailu astunek, hau da, hiru ardatz edo gutxiagoko kamioi eta autobusek, 1,95 eta 3,55 euro ordainduko dituzte tarte horiengatik, eta 2 motakoek, hots, lau ardatz edo gehiagoko kamioi eta autobusek, 2,30 eta 4,20 euro.
Bestalde, ohiko erabiltzaileek tarifa laua izango duten aukeran. Horren arabera, Etxebarri-Dibiña eta Eskoriatza arteko tartearengatik, gehienez ere, 15 euro ordainduko dute hilean; Etxebarri-Dibiña eta Maltzaga arteko tartearengatik, alegia, autobidearen ibilbide osoarengatik, berriz, gehienez ere, 75 euro.
Bestalde, Arabako autobus sarearen tarifak ere igo dira urte berriarekin batera, eta prezioa 5 eta 25 zentimo bitartean garestiagoa izango da, ibilbideko tartearen arabera.
Foru garraioaren erabiltzaileek aurrerantzean ere beherapenak izango dituzte BAT txartelaren bitartez. BAT txartel orokorrarekin, txartel arruntaren prezioa baino %20 gutxiago ordainduko da, eta %40 gutxiago BAT Berezi txartelarekin. Azken hau 65 urtetik gorakoentzat edo %65eko edo hortik gorako desgaitasuna duten pertsonentzat da.
Beherapen horiez gain, badira indarrean familia ugarientzakoak ere: %20ko beherapena kategoria orokorreko familientzat, eta %50ekoa kategoria berezikoentzat.