Alavesek bikain ospatu du San Tomas eguna Donostian

Ibon Gorrisi 2018ko abe. 22a, 08:47
Talde arabarrak defentsan oinarritu du jokoa, eta Reala nahi eta ezinean aritu da. / LA LIGA

Callerik sarturiko golari esker, Realari 0-1 irabazi dio Anoetan.

Alaves Gabonetako oporretara Europa ligako postuetan izanda joango da. Anoetan lorturiko garaipena meritu handikoa izan da. Gainera erdipurdiko boladari amaiera eman dio. Izan ere, azken lau norgehiagokan irabazi gabe baitzegoen. Beherakada horren arrazoia, Abelardoren ustez, golik ez egitea zen. Donostian, Callerik sarturiko golari esker hiru puntuak eskuratzeko balio izan du.

Partidaren hasiera bizi-bizia izan da. Lehendabiziko minutuetan Alavesek presio izugarria egin du; ia-ia Realeko jokalariek ez zuten tarterik baloia izateko. Lan horren fruitua berehala ailegatu da, 11. minutuan, hain zuzen ere. Borja Bastonek ezker hegaletik bigarren zutoinera erdiratu du eta hor, nola ez, Callerik buruz saretara bidali du balioa. Hortik aurrera, Reala nahi eta ezinean aritu da. Talde arabarrak, ohi bezala, defentsan oinarritu du jokoa. Sendotasuna da talde honen ezaugarririk nagusienetako bat. Ia-ia ez diote inongo aukerarik ematen aurkariari. Lehen zati honetan Realak ez du ia-ia gol aukerarik izan berdinketa lortzeko. Arrisku bakarra Theo atzelariak ezker hegaletik sorturikoa izan da.

Bigarren zatian, gauzak lehenengo bidetik joan dira. Pacheco atezainetik hasita, atzelariak, erdilariak baita aurrelariek ere lan eta lan aritzen dira partida guztietan zehar defentsa lanetan. Zenbait jokaldietan argi eta garbi ikusi baita. Realeko jokalariak baloia jaso bezain pronto, hara bi edo hiru jokalariak hurbiltzen ziren inguratzeko. Horren ondorioz, baloia galdu eta Alaves bizkor eta azkar kontraerasora. Horietako batean Jonyk korrikaldi bikaina eginez pase eman dio Calleriri eta egindako jaurtiketa Moyaren eskuetara joan da.
 
Azkenean pitin bat sufritzea tokatu zaio talde arabarrari. Gainera, azken minutuan Januzaj aurrelariak falta jaurtiketa izan du berdinketa lortu ahal izateko, baina gaizki atera du eta hesian jo ondoren epaileak bukaera adierazi du.

Orain, ondo merezitako oporrak. Egindako ibilbidea izugarria izan da, txapela kentzeko modukoa. Hurrengo partida Mendizorrotzan izango da, urtarrilaren 5ean, Valentziaren aurka. Ondo pasa oporrak eta urte berri on!

-

Reala: Moya; Aritz Elustondo, Diego Llorente, Hector Moreno, Theo (89’.Jon Bautista);  Januzaj, Illarramendi (71’. Mikel Merino),  Zurutuza; Oiartzabal, Willian Jose eta Juanmi (85’. Barrenetxea).

Txartel horiak: 24’. Zurutuza, 91’. Mikel Merino

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro (81’. Martin), Laguardia, Maripan, Duarte; Ruben Sobrino (73’. Manu Garcia), Pina,  Wakaso; Jony, Borja Baston (66’. Ibai) eta Calleri.

Txartel horiak: 21’. Pina, 33’. Wakaso, 76’. Duarte, 93’. Maripán

Golak:

0-1: 11’. Calleri

Anoetako harmailak:

Anoetako harmailek itxura bikaina eskaini dute, izan ere, 22.431 ikusle bildu Santo Tomaseko Feria egunean. Giro zoragarria, paregabea, bi taldeetako zaleek bat egin dute eta partida osoan zehar kantuan aritu dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide