Azken minutuetan, nahi eta ezin

Azken minutuetan, nahi eta ezin

Baskoniak garaipena lortzeko moduko partida jokatu duen arren, Bartzelona nagusi izan da azken laurdenean (70-77).

Perasovicek gustoko du jokoaren pisua jokalari multzo murriztu batengan uztea. Partida borobila jokatzen ari diren horiek, edota azken jardunaldietan sasoiko daudela erakutsi duten jokalariek, minutu askotxo pilatzen dituzte kantxan entrenatzaile kroaziarraren eskutik.

Egungo saskibaloian ez da ohikoa taldeak modu horretan jokatzen ikustea, eta egoera hori are nabariagoa da aurrekontu handia duten taldeengan. Minutu gutxi ziztu bizian jokatu eta berehalakoan aulkira joan behar izaten dute jokalariek. Errotazio laburrak, erritmo bizia eta jokalariak arnasestuka hauspoari buelta eman ezinda ibiltzen dira. Dohain fisikoak nagusitzen dira horrelakoetan, eta entrenatzaileak kantxaratu ditzakeen jokalari kopurua handia bada zer esanik ez.

Joko mota hori ezarri nahi izan du Bartzelonak gaur iluntzean, eta hirugarren laurdenean zehar bere asmoa lortu behar ez zuela bazirudien ere, azken hamar minutuek planteamendu horri arrazoia eman diote.

Baskoniak eskura izan du partida bere alde jartzea eta defentsa sendoari esker, Bartzelona erasoan jokatu ezinik utzi du bigarren zatian. Sei puntu aurretik ekin diote gasteiztarrek azken laurdenari, baina minutu erabakigarrietan, tamalez, azken egunotako nekeak azaleratu dira.

Kalitate maila altuko jokalariak ditu Bartzelonak, eta partida asko jarraian jokatu behar direnean edota partidek erritmo bizia dutenean, goi mailako jokalari multzo horren artean edonork hartu dezake ardura. Gaurkoan Pangos izan da nagusi eta joko antolatzaile kanadarrak erakustaldia eman du azken jokaldietan. Baskoniak aldiz, nahi eta ezin. Gogotsu, baina nekeak jota eta ideia garbirik gabe aritu dira.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide