Aiaraldea eta Gorbeialdea Gasteizekin lotzen dituen autobus-lineen ibilbideak, ordutegiak eta maiztasunak hobeto egingo dituzte abenduaren 26tik aurrera.
Hortaz, datorren astetik aurrera, 14. linean (Gasteiz-Murgia-Izarra) beste bi zerbitzu egongo dira ikasturtean zehar: Gasteiztik 11:15ean eta 13:00etan abiatuko dira autobusak, eta, Izarratik berriz, 11:55ean eta 13:40an. Ikasturtetik kanpo ere izango dira zerbitzu horiek, eta Gasteiztik Izarrarako 09:05eko zerbitzuari eta Izarratik Gasteizerako 09:45eko zerbitzuari eutsiko zaie. Orain arte ikasturtean bakarrik eskaini izan dira.
Linea horretan, batez ere ordu tarte batzuetan, asko handitu da eskaria, eta hori betetzeko gehitu dira zerbitzuak. Aldaketa txikiak eragingo ditu zerbitzuen hobekuntzak goizeko eta eguerdiko sei bidaiaren ordutegietan.
Bestalde, 15. linean (Gasteiz-Amurrio-Laudio) ere egingo dira hobekuntzak; hain zuzen, geldialdi gutxiago egingo dira bi zerbitzuk egunero egiten duten ibilbidean: gaur egun Gasteiztik eta Laudiotik 10:55ean eta 12:10ean irteten diren autobusak 10:50ean 11:45ean irtengo dira aurrerantzean, eta ez dira Izarrara eta Murgiara sartuko, orain arte bezala. Beraz, zuzenagoak izango dira, eta 20 minutu laburragoa bidaia.
Halaber, beste zerbitzu bat jarriko da abian Laudio eta Gasteiz artean, 18:30ean, eta kendu egingo da 22:40ko zerbitzua, erabiltzaile gutxi duelako.
Neurri horien helburua da zerbitzu eroso eta eraginkorragoa eskaintzea Aiaraldean bizi diren arabarrei, eta, bereziki, Gasteizen eskolak dituzten edo arratsaldeko txandan lan egiten duten Laudio eta Amurrioko ikasle eta langileei. Era berean, eta aurrekoan bezala, zerbitzu zuzenago horiek ezartzeak aldaketa txikiak eragingo ditu 15 lineako hamar bat zerbitzuren ordutegietan, lanegunetan zein jaiegunetan.
Azkenik, ordutegiak doitu dira Artziniega, Amurrio, Laudio eta Okondo lotzen dituen eskualdeko 16 linean, udalerri horietako erabiltzaileek errazago izan dezaten 15 linea erabiliz Gasteizera joatea.
Zerbitzu eta ordutegi berriak ikus daitezke jada www.araba.eus/alavabus webgunean eta Android eta Apple gailu mugikorretarako Alavabus aplikazioaren bidez. Halaber, aldaketen berri eman zaie autobusak pasatzen diren udalerrietako erakundeei.