Abian da Haziaraba, estimulazio artistiko goiztiarreko landa-jaialdia

Esti Lanao 2018ko abe. 19a, 11:53
Dantzaz konpainia, Paraiso Antzerkia, GaztefilmFest, Kalakalab eta Gutxinaka-Gutxinaka egitasmoetako kideak. /Irudia: Esti Lanao

Haurrei eta bere familiei zuzendutako 26 saiok osatuko dute egitaraua. Hiru esperientzia artistiko ezberdin aurkeztuko dituzte: 'Ehuna', 'Naturalario', eta 'Haziak basoan'.

Arabako lurraldean "kulturaren hazia" etxeko txikienen artean ereiteko asmoz, Haziaraba jaialdia antolatu dute Paraiso Antzerkiak eta Teklak komunikazio eta audientzien estudioak. Hala, Arabako bederatzi herrik (Agurain, Amurrio, Aramaio, Dulantzi, Iruña Oka, Bastida, Laudio, Oion eta Abetxuko) parte hartuko dute 26 saioz osatutako egitarauan.

Dagoeneko hasiak dira emanaldiak, eta abenduaren 30era bitartean, proiektuan murgilduta dauden eragile guztiak jaialdiak udalerriekin komunikazio bideak sendotu eta Arabako kultur eskaintza garatzen lagunduko duelakoan daude.

Hiru proposamen artistiko

Haziarabaren lehen edizio honek hiru esperientzia ezberdin eskainiko ditu, Dantzaz konpainia, GaztefilmFest-Kalakalab eta Gutxinaka-gutxinaka egitasmoen eskutik.

Alde batetik, Ehuna, bat eta bost urte bitarteko haurrentzako dantza ikuskizuna, bi dantzariren mugimenduak airea eta ehuna lotuko dituena; Naturalario, animalia eta naturaren munduko sekretuetan barrena bidaiatzea proposatzen duen animaziozko film laburren saioa eta Haziak basoan joko-instalazioa, non familiak antzoki edo erabilera anitzeko espazioetara egokitutako instalazio artistikoetan murgilduko diren, argiarekin, irudiekin, formekin eta koloreekin esperimentatzeko.

Sarrerak edo gonbidapenak eskuratzeko, ikusleak bere udalerriarekin harremanetan jarri beharko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide