alea.eus

Zortzigarren postua begiz jota dute gasteiztarrek

Aritz Mtz. de Luna 2018-12-18 23:21   Kirola  Araba

Garaipen garrantzitsua lortu du Baskoniak Kanaria Handia menpean hartuta (71-84).

Aste gogorra bizitzea dagokio Baskoniari egunotan. Tel Aviven iragan ostegunean irabazitako partidaren ondoren, Kanariar uharteetara zuzenean egin zuten bidaia asteburuan eta ligako partidara nekatu xamar iritsi ziren jokalariak. Lehen zati lotsagarria jokatu ondoren, Teneriferen kontrakoan amore eman behar izan zuten.

Porrotean pentsatzeko astirik gabe, gaur iluntzean euroligako partida garrantzitsua jokatu behar izan dute gasteiztarrek. Zorionez, uharte batetik bestera salto egitearekin nahiko izan dute oraingoan.

Kanaria Handia lehendabizikoz ari da aurtengoan Europako maila gorenean jokatzen eta esperientzia falta hori pairatu behar izan dute denboraldi hasiera honetan. Halere, pixkanaka bere maila ematen hasiak dira  eta gaurko partidara sailkapenean Baskoniarekin berdinduta iritsi dira. Baskoniaren kontrako lehia sailkapenean aurretik jartzeko baliatu nahi zuten gaurkoa, baina kantxan ikusitakoaren arabera, argi geratu da Baskonia oraingoz talde sendoagoa dela.

Albiste onak gasteiztarrentzat, are gehiago azken boladan jokoaren gidaritza beregain hartu duten jokalariak bigarren maila batean geratu izanagatik. Denboraldi osoan zehar onenak izan diren Senghelia eta Poirier gaurkoan desagertuta egon badira ere, Vildoza, Janning, Shields, Diop eta konpainiak aurpegia eman dute.

Aste asko zeraman Baskoniak garaipen erosorik lortu gabe, eta gaurko hirugarren laurdenean partida haustea lortu dute. Markagailuan aldea hamar puntutik gora joan den momentutik aurrera Kanaria Handiak amore eman baitu.

Garaipen garrantzitsua ezbairik gabe, baina gaurkoa atzean utzi, eta berriz ere lanean jartzea beharrezko izango dute Perasovicen mutilek. Ostegunean berriz ere izango dute partida garrantzitsua aurrez aurre. Sailkapenean postuak igotzen jarraitzeko aukera baliatu nahi badute, Bartzelona mendean hartu beharko dute. Zorionez, partida errenkada etxetik kanpo jokatu ondoren, oraingoan zaletuen babesa nabaritu ahalko dute Zurbaoko kantxan (osteguna, 21:00).

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa