Alavesek eta Athleticek gol aukerarik gabeko derbia jokatu dute

Alavesek eta Athleticek gol aukerarik gabeko derbia jokatu dute
Bi taldeek egindako presioa itogarria izan da. / LA LIGA

Arabarrek eta bizkaitarrek hutsean berdindu dute, tentsio handiko lehia baten ostean.

Gol aukera gutxiko partida izan da Alavesek eta Athleticek jokatu dutena. Bi taldeetatik bat ere ez da gai izan era argian nagusitzeko, eta horren ondorioz hutsean berdindu dute. Lortutako puntuarekin talde arabarrak goian jarraituko du eta talde zuri-gorriak susperraldiari jarraipena emango dio.

Tentsio handiko lehia izan da, oso bizia, kontrolik gabekoa. Ez batak ez besteak ez dute aukera gehiegirik izan baloiaren jabetza izateko. Izan ere, bi taldeek egindako presioa itogarria izan da. Horren ondorioz, baloia goian denbora gehiegi izan da. Bi taldeek argi eta garbi zeukaten baloia urruntzea zela lehendabiziko helburua. Oso garrantzitsua izan da bientzat arriskurik ez hartzea. Horrexegatik, jokoa area ingurura gerturatzen zen bakoitzean atzelariek urruntzen zuten, ezbairik gabe.

Lehen zatian, Alavesek jokoaren ardura hartu nahi izan du. Gainera, Abelardok bi aurrelari peto-petoak eta borrokalariak zelairatu ditu, Guidetti eta Calleri. Baina talde bizkaitarrak ez du zirrikiturik utzi eta Herrerin atezainak ez du geldiketarik egin behar izan. Athleticek, bere aldetik, gol aukera bakarra izan du, Raal Garciak egindako jaurtiketa, hain zuzen.

Bigarren zatian, gauzak ez dira batere aldatu. Gaizka Garitanok bizitasuna eman nahi izan dio norgehiagokari, Muniain eta Williams zelairatuz. Halere, ez dute inongo arriskurik sortu.

Partidak, lehen zatian bezalaxe, kontrolik gabe jarraitu du. Ez talde bat ez bestea ez dira gauza izan bi pase jarraian emateko. Halere, Alavesek aukera paregabea izan du azken minutuetan hiru puntuak lortu ahal izateko. Borja Bastóonek buruz baloia Calleri aurrelariari bidali dio eta honek area barruan gehiegi gurutzatu du jaurtiketa. Hortxe izan da partida honetan ia-ia gol aukera bakarra. Azkenean markagailua mugiaraztea lortu ez eta 0-0 amaitu da.

Puntu bat eta aurrera begiratu behar. Hurrengo ostiralean, San Tomas feria egunean, Realaren aurka derbia Donostian. Egun pasa polita!

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte, Ibai (72’. Borja Baston), Pina, Manu Garcia, Jony (84’. Burgui), Guidetti (45’. Ruben Sobrino) eta Calleri.

Txartel horiak: 57’. Ruben Duarte, 86’. Borja Baston

Athletic: Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Beñat (74’. San Jose) Susaeta, Raul Garcia, Cordoba (61’. Cordoba) eta Aduriz (67’. Williams).

Txartel horiak: 13’. Dani Garcia, 47’. Iñigo Martinez

Mendizorrotzako harmailak:

Gau hotz-hotzean, 19.349 ikusle bildu dira Mendizorrotzako harmailetan derbia ikusteko. Kiroldegiko harmailetan biltzen diren zaleak bost minutu beranduxeago sartu dira ezinegona adierazteko partidak astelehenetan jartzen direlako. Izan ere, pankarta erraldoia jarri dute telebista egun horietan ez ikusteko. Bestalde, jarraitzaile artean giro ezin hobea izan da.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide