UAGA sindikatuak kontzentrazioa deitu du ostegunean, abenduaren 27an, 09:00etan, Miranda de Ebroko Azucareraren aurrean. Aurreko astean bildu ziren nekazarien ordezkariak azukrearen multinazionalarekin, eta enpresak berretsi die hurrengo kanpainan %20ko jaitsiera ezarriko duela erremolatxaren prezioan. Azukrearen prezioak azken urteetan merkatuan izan duen beherakadagatik hartu du erabakia Azucarerak.
Nekazarien sindikatuak, bere aldetik, azpimarratu du erabakia ez dutela onartuko, eta gaineratu dute Araban laborearen etorkizuna arriskuan jarriko lukeela neurriak. Raul Beitia sindikatuko erremolatxa sektorearen bozeramaileak adierazi duenez, "erremolatxa landatzen jarraitu nahi dugu baina ez edozein preziotan". Beitiak azpimarratu du erremolatxaren sektoreak inbertsio handiak egin dituela azken urteetan British Sugar multinazionalarekin lortutako akordioa betetzeko, eta ez dutela onartuko aldebakarreko erabakia.
2015. urtean sinatu zuten Espainiako Estatuko nekazarien elkarteek eta azukrearen multinazionalak bost urterako akordioa. Horren harira, administrazioen aldetik hainbat diru-laguntza jasotzen ari dira nekazariak, bai Komunitateko Nekazaritza Politikaren bitartez zein landa-ingurumena babesteko beste partida batzuen bidez.
Nekazariek ohartarazi dute murrizketak arriskuan jartzen duela orain arte egindako lana, eta administrazioaren esku-hartzea eskatu dute. Ildo horretan, UAGA dagoeneko bildu da Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Diputazioarekin; administrazioek konpromisoa hartu dute Espainiako Nekazaritza Ministerioarekin biltzeko, Azucarerak akordioa bete dezan.