Goranzko joerari eutsiz

Aritz Mtz. de Luna 2018ko abe. 13a, 22:07

Azken jokaldietan erabaki da partida eta Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Tel Aviven (79-81).

CSKA-ren kontra azken jardunaldian eskuratutako garaipenak indarberrituta utzi zuen talde gasteiztarra, eta gaurkoan ere taldearen jokoan igarri ahal izan da konfidantza biziberritu hori. Partidan buru-belarri sartuta eta lanerako gogoz kantxaratu dira Perasovicen mutilak, Toko Shengelia kapitainaren gidaritzapean.

Tel Aviveko Maccabiri dagokionez, berriz, talde handia da israeldarra. Halaxe da palmaresari dagokionez eta baita aurrekontu edota taldea osatzen duten jokalariei dagokionez ere. Egoera hori kontuan hartuta, eta etxeko zaleak lagun, faborito beharko luke Baskoniaren kontrako partidetan. Gaurkoan, ordea, gauzak ez zeuden horren argi. Jokalari multzo ederra osatu arren, beraien jokuak ez du kalitate horren pareko emaitzarik eskaini orain arte, eta gaur gaurkoz sailkapenaren behekaldean kokatzen da Maccabi.

Beharrak jota aurkitzen diren bi taldek ekin diote gaurko partidari. Kirolean edozer gauza gerta litekeela badakigu eta Baskoniak handira pentsatzen ikasi du aspalditik. Aurtengo denboraldian gauzak nahi bezala joan ez badira ere, ez da erraz kokiltzen den taldea eta kantxa beroetan jokatzea gustoko duela pentsa genezake.

Horrenbestez, lehen zati parekatuaz gozatzeko aukera izan dute zaletuek gaur iluntzean. Defentsa gogorrari esker Baskonia nagusi izan da lehen hamar minutuetan, eta, bere jokalarien kalitateari esker, Maccabi aurretik jarri ahal izan da bigarren laurdenean. Aldageletara bidean bost puntu atzetik joan dira gasteiztarrak.

Emozioa azken jokaldira arte

Bigarren zatian Perasovicek ezin izan ditu bere jokalariak defentsa gogortzearen beharraz ohartarazi eta erasoko jokoa izan da nagusi. Estilo horretako jokoa gustoko dute jokalari estatu batuarrek, eta horiek nagusi dira talde horian. Markagailuan aldea hamar puntura igotzea lortu dut minutu gutxian eta Baskoniak partidari eusteko lanak izan ditu minutu askotan zehar.

Azken txanpan aldiz, osoagoa kantxaratu dira gasteiztarrak eta jokaldi gutxiren buruan, markagailua parekatzea lortu dute. Minutu beroak bizi izan dira kantxan eta bi taldeak nor baino nor aritu dira garaipena eskuratzeko lehian. Playoff-ekin amesten jarraitu nahi izatekotan garaipen hauek beharrezkoak izango dira eta gaurkoan Baskoniak zortea alde izan du. Denboraldiko bosgarren garaipena poltsikora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide