Goya sarien efektu berezien kategorian lehiatuko da Errementari

Goya sarien efektu berezien kategorian lehiatuko da Errementari
Errementariren aurreestreinaldia Gasteizen. ALEA

Otsailaren 2an ospatuko da Goya sarien 33. edizioa, Sevillan (Espainia).

Paul Urkijo zinemagile gasteiztarraren Errementari filma Goya sarien efektu berezien kategorian lehiatuko da. Errementarirekin batera, Goya sarietan faboritoa den eta hamahiru izendapen dituen Rodrigo Sorogoienen El reino, Dani de la Torreren La sombra de la Ley eta Javier Ruiz Calderaren Superlopez pelikulak izendatu dituzte kategoria honetan.

Errementari pelikularen efektu bereziak Jon Serrano eta David Heras Drama Fx estudioko lagunek egin dituzte. Hain zuzen enpresa donostiarra da euskal zinemagintzan azken urteotan egin diren filmen efektu berezien sortzaile nagusia, eta Efektu Berezien Goya Saria irabazi zuten lehenago Handia filmeko lanagatik. Hala ere, beste film hauetan ere parte hartu dute: Morir, Operación Concha, Amama, Loreak, Lasa eta Zabala, Igelak, Urte berri on, amona!…

Goya sarien lehen aukeraketan 151 pelikula aurkeztu dira, 84 fikziozkoak, 63 dokumental eta animaziozko lau. Espainiako Zinema Akademiak urtero banatzen dituen sarien 33. edizioa Sevillan egingo da, otsailaren 2an.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide