46P/Wirtanen kometa ikusteko prestaketak hasi dituzte Arabako astronomiazaleek: asteburuan lehen hurbilpena egin dute La Otra Mitad elkarteko kideek, Izkiko behatokian. Begi hutsez ikusteko aukera badago ere, oso tamaina txikia du zeruan, eta, horregatik, oso gomendagarria da teleskopioa edo prismatikoak erabiltzea kometa horretaz gozatu ahal izateko.
Behatokian 8 eta 10 hazbeteko teleskopioak baliatu dituzte hasierako behaketa hauek egiteko. Timelapse txikia egin dute ere, ordubetean kometak zeruan marraztutako mugimendua modu errazagoan ikustarazteko. Datorren igandea, hilaren 16a, izango da Wirtanen Lurrera gehien hurbilduko den eguna, orduan 0,0777 unitate astronomikora igaroko baita. Eguraldia lagun, hori izango da objektua ikusteko egunik aproposena. Taurus konstelazioan topatu ahal izango da kometa.