Arabako Foru Aldundiak Lan Eskaintza Publiko (LEP) baterako deia egingo du aurten. Guztira, 40 lanpostu eskainiko dituzte, hutsik dauden 36 administrari lanpostu eta bete gabe dauden lau albaitari lanpostu betetzeko. Azterketak ekainean egingo dituzte, eta 2017ko LEPeko 51 lanpostuak ere hartuko ditu.
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren foru diputatuak prentsaurrekoan aurkeztu du lan eskaintza publikoa. Azaldu duenez, azken hilabeteotan langileen batzordearekin negoziatzen ibili eta gero onartu dute lan eskaintza.
Gonzalezen esanetan, 2017ko eskaintzako hautaketa prozesua eta 2018koa batera gauzatuko dira datorren urtean, egutegi honi jarraituz: deialdien oinarri orokorrak eta espezifikoak urtarrilean onetsi eta argitaratuko dira, eta lehenengo probak udaberri amaieran egingo dituzte, seguruena ekainean.