Diputazioak adinekoen egoitzetan ordaintzen dituen prezioak salatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2018ko abe. 10a, 09:43
Amurrioko adinekoen egoitza. AFA

Zerbitzu berdinagatik 1.716 eta 4.617 bitartean ordaintzen du Aldundiak itunpeko plazak dituzten adineko egoitzetan.

Arabako Aldundiak herrialdeko adineko egoitzetako itunpeko plazengatik ordaintzen duen prezioen arrakala %170era arte iritsi daitekeela ohartarazi du EH Bilduk. "Gauzak horrela, Murgiako Hijas de la Caridad egoitzan plazaren prezioa 55 eurokoa den bitartean, Gasteizko Pablo Nerudan plaza berdinak 148 euro balio du". Erabiltzaileak, berriz, kasu guztietan prezio berdina ordaintzen du.

"Enpresen mozkinen araberako aldaketa txikiak egotea ulergarria da, baina Arabako kasuan alde horiek %170era arte iritsi daitezke" azaldu du EH Bilduko batzarkidea Luis Salgadok. Gogoratu duenez, kudeaketa publikoa edo pribatua izanda ere erabiltzaileek jasotzen dituzten zerbitzuak homogeneoak eta berdintsuak izan behar dira. "Hori betetzea ezinezkoa izango da batean 55 euro eta bestean hirukoitza ordaintzen bada. Ezinezkoa da profesional kopuru berdina kontratatzea edo arretarako baldintza berdinak bermatzea", azpimarratu du Salgadok.

Talde politikoak nabarmendu duenez, gaur egun adinekoentzako plazak ituntzeko foru araurik ez dago "eta, horren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak ordaintzen duen prezioa aldatzen da batetik bestera". Gizarte Zerbitzuen diputatuaren agerraldia eskatu du EH Bilduk desberdintasun horien arrazoiak argitzeko, eta egoera konpontzeko Itunpeko Foru Dekretua egitea exijituko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide