Alavesek oso itxura lehiakorra eman du Atletico Madrilen aurka jokaturiko partidan. Halere, gehiegizko zigorra jaso du, ia-ia bigarren gola jaso arte jo ta su aritu delako berdinketaren bila. Era honetako emaitzak talde handi-mandien aurka ematen dira. Hau da, aurkariak estu hartu, ia-ia haiek baino hobeto jokatu, baina ahalguztidun taldeek ez dute barkatzen. Gol aukera gutxi izan arren, normalean izaten dituztenak saretara bidaltzen dituzte.
Partidaren hasieran, madrildarrak jokoaren ekimena eramaten saiatu dira. Arabarrek, ordea, ondo baino hobeto eutsi diote erasoko joko horri. Izan ere, Abelardok jokalari asko pilatu ditu zelai-erdian, eta aurkariak ez du inongo zirrikiturik aurkitu gola egin ahal izateko. Jokoan nahi eta ezin horretan ari zela, Atletico Madrilen gola iritsi da. Lemar erdilariak joko aldaketa paregabea egin du, eta eskuin hegaletik Arias atzelariak jaso eta erdiraketa penalti puntura egin du. Hor Kalinicek sabelarekin errematatu eta saretara bidali du.
Gola lortu bezain pronto, Simeonek lerroak atzeratu ditu, eta hortik atsedenaldira arte defentsan lanetan aritu da. Bigarren zatian hastearekin batera, Abelardok erasoaren aldeko apustu nabarmena egin du. Zelai-erdiko Wakaso Borja Baston aurrelariaren ordez aldatu du. Halere, lehengo lepotik burua joan da partida. Atletico Madril zain, ea kontraeraso baten ondorioz bigarrena egiten zuen. Alaves behin eta berriz erasora baina eraginkortasunik gabe. Baloia alderik alde mugituz, baina sakontasunik gabe. Bai eskuin hegaletik, baita ezker hegaletik erdiraketak egin dituzte, baina madrildarren defentsak ez du hutsik egin.
Ekinaren ekinez berdinketa etorriko zela zirudien unean, Griezmannek, zortea izugarria izanez, 2-0ekoa egin du. Horren ondorioz, Alaveseko jokalariak erabat etsita geratu dira. Egoera hori aprobetxatuz Rodrigok behin betiko 3-0ekoa egin du.
Galdu arren, taldeak argi eta garbi erakutsi du izaera borrokalaria duela, lekua oso gutxitan galtzen duela eta, hori bai, gola behar duela. Hurrengoan, Mendizorrotzan derbia Athleticen aurka. Aukera ezin hobea garaipenaren bidera itzultzeko.
Atletico Madril: Oblak, Arias, Savic, Lucas (35’. Gimenez), Saul, Correa, Thomas, Rodrigo, Lemar (64’. Montero), Griezmann eta Kalinic (56’. Vitolo)
Txartel horiak: 4’. Kalinic, 22’. Correa, 58’. Arias, 79’. Thomas, 90’. Montero.
Alaves: Pacheco, Martin (81’. Sobrino), Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Ibai (71’. Burgui), Pina, Manu, Wakaso (46’. Borja Baston), Jony eta Calleri
Txartel horiak: 14’. Calleri, 16’. Pina, 37’. Ximo Navarro, 91’. Laguardia
Golak:
1-0: 25’. Kalinic
2-0: 82’. Griezmann
3-0: 87’. Rodrigo
Wanda Metropolitanoko harmailak:
Ia-ia 60.000 ikusle bildu dira eguerdiez Wanda Metropolitanoko futbol-zelaian. Benetan eraikuntza ikusgarria baita. Alaveseko zaleek, ehundik gora, Aitor Zabaleta zenaren oroimenez pankarta atera dute. Ohi bezala, taldeak beti izan ditu zaleen animoak. Partida bukatu denean, txalo zaparradarekin agurtu dituzte jokalariak, egindako esfortzua eskertzeko.