Garaipen bat baino gehiago

Aritz Mtz. de Luna 2018ko abe. 7a, 22:41

Baskoniak beharrezko zuen garaipena eskuratu du CSKA-ren kontra (76-73).

Aste zailak bizi izan ditu talde gasteiztarrak azken boladan: irabazi beharreko partidak galdu, jokalarien konfiantza galbidean ikusi, Kerexetak erabakitako entrenatzaile aldaketa aulkian… dinamika arriskutsu batean murgiltzen hasiak ziren jokalariak, eta behar-beharrezko zuten garaipena lortzea.

Aurkari zailenaren kontra lortu du garaipen hori, eta gehien behar zuen momentuan gainera. Denboraldi osoan zehar partida bakarra galdua zuten errusiarrek, eta urtero bezala, Euroligako titulua irabazteko faboritoen artean kokatzen dira Itoudisen mutilak.

Partida serioa jokatu dute bi taldeek hasiera batetik, eta defentsa sendoari esker Baskoniak errusiarren erasoko joko bizia gelditzea lortu duten minutu askoan zehar. Partida parekatuak direnean, eta minutu erabakigarriak jokatzen direnean, irabaztera ohituta dauden taldeek zortea lagun izaten dute gehienetan. Gaurkoan ordea, azken asteetan ez bezala, zorte apur hori alde izan du Perasovicek gidatutako taldeak.

Denboraldiak maldan gora egoten jarraitzen badu ere, taldeak joera positiboari eustea izango du erronka. Azken boladan jasandako porrotak atzean utzi eta datozen asteetan garaipenak pilatzen hastea beharrezko dute gasteiztarrek, begiz-jota duten playoff-a gehiegi urruntzen hasi aurretik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide