Alavesek egindako partida: txapela kentzeko modukoa

Ibon Gorrisi 2018ko abe. 6a, 10:02
Huts eta batekoarekin bazirudien kanporaketa bideratuta zegoela, baina izandako zortea ezbehar bihurtu da. / LA LIGA

Halere, 2-1 Gironaren aurka galdu ondoren, talde arabarra Kopatik kanpo geratu da.

Gironan Alavesek egindako partida izugarria izan da. Lehia oso polita eta irekia izan da. Goitik behera menperatu du, baina, batzuetan aurrelariek, bestetan Iraizoz atezainak, eta beste bakan batzuetan atzelariek eragotzi dute garaipena. Norgehiagoka oso ikusgarria izan da, eta zenbait unetan Kopan aurrera egingo zuela eman du. Halere, Gironak izandako gol aukerak aprobetxatu ditu eta sari potoloa eskuratu du.

Duela urtebete Abelardo entrenatzaileak lehen aldiz zuzendu zuen taldea Montilivi futbol-zelaian. Egun hartan arabarrek sekulako garaipena lortu zuten. Oraingo honetan, zortea kataluniarren aldekoa izan da, eta horren ondorioz, lehendabiziko aldiz, final-zortzienetarako sailkatzea lortu dute.

A zer-nolako pena! Normalean ohiko hamaikakoan aritzen ez diren jokalariek ahaleginak eta bi egin dituzte partida aurrera ateratzeko. Abelardok lerro guztiak aldatu ditu, atetik hasita. Ordezkoek argi eta garbi erakutsi dute egundoko maila daukatela. Eskuin eta ezker hegaletik, bai Sobrinok nola Burguik behin eta berriz arriskua sortu dute. Azkenengo honek jaurtiketa paregabeak egin ditu, bata langa gainetik joan da, hurrengoan Iraizozek desbideratu du, eta hirugarrena zutoinera joan da.

Alavesen gola kontraeraso bikain baten bitartez etorri da. Halere, zorte pitin bat izan du, Alcala atzelariak, urrundu beharrean, bere atean sartu duelako. Huts eta batekoarekin bazirudien kanporaketa bideratuta zegoela baina izandako zortea ezbehar bihurtu da. Granell kapitainak falta jaurtiketa baten bitartez, Calleriren hankan jo ondoren, saretara bidali du. Hortik aurrera, Alaves bigarren golaren bila joan da, sutsuki. Aukerak sortu ditu bata bestearen atzetik, baina golaren saria ez du izan. Gironak, ordea, izandako gol aukera apurrei etekin paregabea atera die. Izan ere, 78. minutuan Portuk jaurtiketa gurutzatua eginez bi eta batekoa jarri du markagailuan, eta amaiera eman dio Alavesek Kopan egindako ibilbideari.

Kopako ametsari agur esanez, orain Ligari buru-belarri ekingo dio, eta datorren larunbatean eguerdiz Atletico Madrilen aurka jokatuko du Alavesek. Aukera paregabea olatu aparrean jarraitzeko.

Girona. Iraizoz; Ramalho, Alcala, Juanpe, Valery, Adzouana (68’. Roberts), Granell, Douglas Luiz, Portu; Lozano (68’ Borja Garcia) eta Doumbia (77. Bernardo).

Txartel horiak: 32’. Juanpe, 81’. Borja Garcia.

Alaves. Sivera; Vigaray, Adrian Marin (82’. Twumasi), Maripan, Dieguez; Sobrino (79’. Jony), Daniel Torres, Brasanac, Burgui; Guidetti (70’, Calleri) eta Borja Baston.

Txartel horiak: 16’. Dieguez, 55’. Guidetti, 67’. Adrian Marin

Golak:

0-1: 62’. Alcala (bere atean)

1-1: 73’. Granell (falta jaurtiketa)

2-1: 78’. Portu (jaurtiketa area barruan)

Montiliviko harmailak:

9.249 ikusle bildu dira Montiliviko harmailetan. Alaveseko zale batzuk hor izan dira taldea animatuz, eta partida bukatu bezain pronto txalo zaparradarekin agurtu dute. Gironako zaleak pozaren pozez amaitu dira; izan ere, historian lehendabiziko aldiz Kopako final-zortzienetarako sailkatzea lortu baitute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide