Hurrengo kanpainari begira, Azucarera azukre-enpresak erremolatxa tona bakoitzeko pagatzen duen prezioan 6,5 euroko beherapena egingo du. "Modu horretan, 2015. urtean nekazaritza sektoreko erakundeekin sinatutako akordioa alde bakarretik urratu du Azucarerak; eta prezioetan %20ko jaitsiera ekarriko du neurriak", azaldu du UAGA sindikatuak.
Erabakia Espainiako Estatuan dituen lantegi guztietan hartuko du enpresak; Miranda de Ebroko (Burgos, Espainia) zentroarekin lan egiten duten ehun bat arabar nekazariei kalte larriak ekarriko dizkie murrizketak. Aurtengo kanpainan 1.265 hektarea azukre-erremolatxa kontratatu ditu Azucarerak Araban eta 103.000 tona gutxi gorabehera. Batez beste erremolatxa tona bakoitzeko 33 euro ordaindu ditu enpresak 2018an.
Prezioen murrizketa azukrearen kotizazioaren beherakadagatik egin dela argudiatu du Azucarera enpresak, horren ondorioz etekinak ere jaitsi egin direlako. Alta, nekazaritza-sektoreak gogoratu du bost urteko akordioa sinatu zutela eta tarte horretan konpainiak etekin handiak izan dituela. "Azken kanpainan, esate baterako, 28,9 milioi euro irabazi zituen. Gainera, Azucarera bezalako konpainia batentzat, lehengaien prezioak jaistea ezin da izan balantzea orekatzeko neurri bakarra".
Espainiako Estatuko nekazaritza-elkarteek Ministerioaren bitartekaritza eskatu dute akordioa betearazteko, eta UAGAk bere aldetik Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuarekin biltzeko eskatu du, eta abenduaren 11n bertan, Miranda de Ebroko Azucarera enpresarekin bilduko da.