Ostiralean ospatu du ALEAk bere laugarren urteurrena Artium museoan egindako ekitaldi baten bitartez.
Hara bertaratu diren lagunen babesa jaso du lantaldeak, eta hara joan ez diren hainbat lagunen beroa ere sentitu ahal izan da, sare sozialen bidez jasotako mezuei esker.
Lehenik eta behin, Josu Kareaga magoaren trukoek berotu dute giroa. Artista gaztearen amarruen atzean dagoen abileziak txalo zaparrada jaso du. Ohi bezala, zaila izan da boluntarioak lortzea, ez baita erraza fokuen argipean jartzea. Baina Kareaga aise moldatu da ere jendearen lotsak desagerrarazten.
Marta Ugartek gidatu du ekitaldia, eta bertara azaldu diren lagunen babesa eskertu du. Ondoren, ALEAko zuzendari Aritz Martinez de Lunak egin ditu egin beharreko protokolo lanak. Asko ez zela luzatuko esan, eta hitza bete du. "Zuek egiten duzue ALEA proiektua bideragarri, eta lau urte hauetan jaso dugun babes eta laguntzari esker izan ez balitz, nekez izango ginateke gaur egun gauden tokian", nabarmendu du. Harpidedunak, irakurleak, kolaboratzaileak, zutabegileak, iragarleak, "eta orokorrean ALEAkide" diren lagun guztiak izan ditu gogoan. Euskaraldiaren biharamunean ere Euskarak 365 egun leloa buruan mantentzeko deia egin du. Norabide horretan, ALEAren izenean, "Arabako euskaldun guztioi, ahalik eta kalitate oneneko kazetaritza eskaintzeko esfortzua" mantentzeko konpromisoa berretsi du. Hitzak une batez alde batera utzita, topa egiteko garaia iritsi da, lau urte hauek hasiera besterik ez direla aldarrikatzeko. Amaitzeko, Bidelapurrak taldeak girotu du festa, ez baita ezagutzen munduan musika ona lagun ez duen festarik.