Alavesek goialdean jarraitzen du

Ibon Gorrisi 2018ko abe. 3a, 11:06
Partida oso trabatua izan da, gola sartzeko aukera garbirik gabekoa. / LA LIGA

Sevilla liderraren kontra bana berdindu du Mendizorrotzan.

Berriz ere goraipatu behar da Alavesek lortutako puntua Sevillaren aurka. Talde andaluziarra denboraldi honetan oso ondo ari dela erakusten ari da. Horrexegatik, nahiz eta markagailuan aurreratu, oso baliotsua izan da puntua.

Partida oso trabatua izan da. Lehen zatian Alavesek eraman du jokoaren ekimena eta Sevilla atzealdean sartuta izan da. Aukera oso gutxi sortu dituzte. Ez batak ez besteak ez dute gol aukera garbirik izan. Gainera, zelai erdian falta asko izan dira eta denbora asko jokoa etenda izan da, etxekoen kalterako.
Atsedenaldira joateko minutu gutxi falta zela, talde arabarrak gola egin du, Jony ezker aurrelariaren bitartez. Egindako presioak eta borrokak zelai osoan saria izan dute. Izan ere, Callerik, bakar bakarrik eta atzelarien hutsaren ondorioz, jaso du baloia eskuin hegaletik eta egindako erdiraketa bikain saretara bidali du Jonyk.

Bigarren zatian, Machinek, Sevillako entrenatzaileak, aldaketak egin ditu eta lerroak aurreratu ditu. Halere, Alavesek ondo eutsi dio erasoko jokoari. Minutuak joan ahala, gero eta gehiago hurbildu dira area ingurura, berdinketaren bila. Banako berdinketa 78’. minutuan ailegatu da. Jokaldi paregabea egin dute talde andaluziarreko jokalariek. Sarabiak, zelairatu berriak, eskuin hegaletik erdiraketa bikaina egin du eta area txikian Ben Yedder aurrelariak era bikain batez saretara bidali du baloia.

Hortik aurrera, partida joan-etorri arriskutsuan sartu da Alavasentzat. Izan ere, Sevillak behin eta berriz arriskua eskuin hegaletik sortu du. Baina, atzealdea, ia-ia beti bezala, oso sendo aritu da eta Pacheco ere bikain aritu da. Azkenengo jokaldian Brasanac erdilariak garaipena lortzeko aukera paregabea izan: eskuin hegaletik egindako erdiraketa buruz zutoinera bidali du.

Berdinketa, puntu bat eta aurrera begiratzeko beste urratsa. Hurrengo neurketa Atletico Madrilen aurka Madrilen, eta gero euskal derbiak.

Alaves: Pacheco; Martin, Laguardia, Ximo Navarro, Duarte, Pina, Manu Garcia, Wakaso (74.’ Brasanac) Ibai (83’. Sobrino), Jony; Sobrino eta Calleri (90’. Guidetti).

Txartel horiak: 25’. Manu Garcia, 55’. Pina, 90’. Guidetti

Sevilla: Vaclik, S. Gomez, Kjaer (69.’ Sarabia), Carrico, Roque Mesa (46’. Amadou), Mercado (58’. Promes), Vaázquez, Banega, Escudero, Andre Silva, Ben Yedder.

Txartel horiak: 26.’ Roque Mesa, 39’. Sarabia, 84’. Vazquez

Golak:

1-0: 37’. Jony
1-1: 78’. Ben Yedder

Mendizorrotzako harmailak:

17.848 ikusle bildu dira gauez Mendizorrotzako harmailetan. Ohi bezala, giro paregabea izan da. Kiroldegiko harmailan bildutako ikusleak partida iraun bitartean animatuz aritu dira, etengabe. Gainera txalotu beharra dago partidan zehar ateratzen dituzten pankartak. Izan ere, gizartean dauden gaiekin bat egiten dutelako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide