Memoriaren ikurra inguratu dute

Erredakzioa 2018ko abe. 2a, 10:56

Giza-katea egin dute Zaramagako elizaren inguruan. /Memoria Gara

Zaramagako San Frantzisko elizaren inguruan dozenaka lagun elkartu dira "bikimen memoriari lotutako tenplu bat" har dezan eskatzeko.

Dozenaka lagunek giza-katea egin zuten larunbatean Zaramaga auzoko San Fratzisko elizaren inguruan, Memoria Gara ekimenak deituta. Apezpikutzari eskatu diote baimendu dezan Gasteizek leku hori "memoriaren ikur adierazgarrienetako bat bezala" kontserbatzea.

Gogoratu dute memoria historikoak betiko batu dituela 1976ko martxoaren 3a eta San Frantzisko Asisko eliza. "Eta, horrekin batera, etengabe eskatu eta oraindik lortu ez diren egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermearen aldarrikapenak".

San Frantzisko tenpluak sarraskiaren biktimen memoriari lotutako proiektu bat har dezan eskatu diote Apezpikutzari, eta, bide batez, "memoria eta giza eskubideei lotutako politikak garatzeko" balio behar duena. Apezpikutzak ez du haiekin bildu nahi, baina ez dutela etsiko nabarmendu dute. "Bestelako bideak zabalduko ditugu gure helburuak betetzeko. Bide hori ezin izango dugu bakarrik egin, beraz, jarrai dezagun lanean! Historia gure da eta herriek idazten dute!".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago