Sexualitateak suteak piztu ohi ditu, eta azkenaldian zenbait erakunderen ekimenak izan dira fokoa. Madrilgo Udalak gazteei sexualitateari buruzko galderak egin omen dizkie, eta Nafarroako gobernuak ikastetxeetan bultzatutako Skolae programa dugu. Emaizekoon Sexuen Heziketa programak desagerrarazi nahiko lituzkete hainbatek, gure ikuspuntua eta lana ezagutu gabe, aipatutako kasuetan bezala kanpotik eta hitz solteetan oinarrituko balira.
Ekimen hauek, gureak barne, kritikagarriak dira eta hobetzen laguntzen digu. Honek, ordea, fundamentuzko azterketa beharko luke. "Sexualitateaz klasean hitz egiten badute lehenago hasiko dira koitoa praktikatzen", "masturbatzera behartzen dituzte", “zertarako nahi dute jakin gazteek sexualitateaz pentsatzen dutena, morboagatik?"… diote batzuek.
Sexuen heziketa egokia jasotzen duten pertsonek koitorako urgentzia gutxiago dute eta arriskuak ekiditen dituzte portzentaje altuagoan. Masturbatu edo ez, errespetu berdina merezi dutela landuko dugu, bakoitzak bere desioak ezagutu eta horren arabera ekingo du, ez diogu inori esango egin beharrekoa eta nahi duena beste norbaitekin bada, kontsentsua ezinbestekoa dela erakutsiko diogu. Gure helburuan ez dago morborik. Ume eta gazteek bere burua ezagutu, onartu eta modu positiboan adierazten ikastea, aldi berean besteak ezagutzen, onartzen eta beraiekin errespetuz harremanak egiten irakastea dugu helburu.
Sexualitatea bekatu eta zikin moduan hautematen duenak, gaitza ikusiko du gure jardueran eta zorigaiztoko ondorioak aurreikusiko ditu. Gaur egungo "antikristo" gisa azalduko gaituzte.
Azken batean bere barruak aztertzeari uko egiteko modu erosoa da; besteak epaitu nirea ez arakatzeko.
Erraz borroka daitezke kritika hauek eta gure helburuei jarraikiz lanean aritzea lehenesten dugu.
Erakundeek honetan duten ardura aipatu beharra dago. Batzuek egiten dute. Hezkuntza Jaurlaritzaren eskumena da gurean, eta kurrikulumaren barne sexuen heziketa dago. Ikastetxe bakoitzaren esku uzten da zer eta nola egin. Autonomia horrek izango luke balioa, horretarako irizpideak eta finantzazioa balego. Errealitateak, ordea, bestela dio: sexualitatean heztea eta besteekin errespetuz harremanak egitea ez da matematikak edo gaztelania bezain garrantzitsua, eta apartekoaren papera du.
Bada garapen eta harreman positiboak bultzatzea baino garrantzitsuagorik guraso eta hezitzaileentzat?