[ALEA.EUS] EH Bilduk foru aurrekontuen negoziazioaren harira egin duen balorazio ezkorra entzun eta gero, herrialdeko kontuen luzapena inoiz baino gertuago egon daiteke. Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak gaur bertan azaldu duenez, "zinez uste dugu EAJ erosoago dagoela PPren aurrekontuen luzapenarekin". Ildo beretik, EAJren aldetik aurrekontuei buruzko akordio batera heltzeko borondaterik ez dutela antzeman nabarmendu du talde abertzaleak; eta iragarri dute osoko zuzenketa bat aurkeztu dutela foru gobernuaren aurrekontu proiektuaren aurrean.
EH Bilduk aurkeztu duen proposamenak lau ardatz ditu oinarri: zerbitzu sozialetan adinekoentzat plaza publiko gehiago sortzea, uraren kudeaketari buruzko plan integral berri bat lantzea, trenbide sarearen modernizazioa eta toki-erakundeen finantzaketa hobetzea eta zerga bilketa justu bat egitea. Alta, foru gobernuak soilik toki-erakundeen finantzaketan aldaketa batzuk egitea onartu duela salatu du Fernandez de Pinedok.
Gauzak horrela, Ramiro Gonzalezen gobernuak 2018an PPrekin adostu zituen aurrekontuak luzatzea beste aukerarik ez du izango; Podemosekin edo Talde Mistoarekin adostasun batera iritsiko balitz ere EAJ-PSE gobernuak ez luke babes nahikoa izango aurrekontu berriak onartzeko.