Alavesek porrota jaso du etxetik kanpo

Ibon Gorrisi 2018ko aza. 24a, 08:25
Oso partida trabatua izan da, aukera gutxikoa. / ALAVES

Leganesen aurka 1-0 galdu du eta ezin izan du lidergoa eskuratu.

Argi eta garbi dago oso zaila izaten dela Liga honetan partidarik irabaztea. Horrek erakusten du zer-nolako balentria egiten ari den Alaves taldea. Aukera paregabea zeukan lidergoa eskuratzeko. Baina, aurkaria oso egoera larrian zegoen eta puntuen beharra zeukan. Horren ondorioz, oso partida trabatua izan da, aukera gutxikoa eta hor Leganesek izan duen gol aukera bakarrari hiru puntuko etekina atera dio. Atsedenaldira joateko lau minutu falta zirela En-Nesyri aurrelariak bakar-bakarrik erdi hutsean errematatu du eta gola egin du.

 

Alavesek lehen zatiari hasiera ona eman dio. Lehendabiziko minutuak jokoaren ekimena eraman du eta zenbait gol aukera sortu ditu. Minutuak joan ahala Leganesek hartu du partidaren gidaritza eta gehiago hurbildu da talde arabarraren areara. Halere, ez dute gol aukerarik sortu. Joan-etorri horretan ailegatu da Leganesen gola.

 

Bigarren zatia hasi bezain pronto Alavesek berdinketaren bila atera dela erakutsi du. Ondo aritu da zenbait unetan baloia alderik alde mugituz, baina Leganesek aurre egin dio defentsa bikaina eginez. Batez ere, atzealdeko jokalariek ondo urrundu dituzte egindako erdiraketa guztiak.

 

Abelardok aldaketak egin ditu aurrealdean, taldeari bizitasuna emateko. Baina ez Burguik ezta Borja Bastonek ere ez dute inongo aukerarik izan gola egiteko. Partida azken txanpan sartu denean Guidetti ere zelairatu du, Martinen ordez, baina lehengo lepotik burua. Gauzak ez dira aldatu. Ibaik egindako bi jaurtiketak izan dira Alavesek erasoan egin dituen gauzarik aipagarrienak. Beraz, minutuak joan dira eta ezin punturik bildu.

 

Pena izan da, zaleek lidergoa nahi zuten, baina... Hurrengo neurketa Sevillaren aurka. Ez da talde makala, goialdean dagoen taldea baita. Beraz, zaleak eta taldea bat eginik hiru puntuak eskuratzera.

 

Leganes: Lunin, Nyom, Tarin, Omeruo, Siovas, Silva, Recio (38’ Mikel Vesga), R. Perez, Oscar Rodriguez (84’ Eraso), En-Nesyri (86’ Sabin Merino), Carrillo.

 

Txartel horiak: 14’ Oscar Rodriguez, 61’ Nyom

 

Alaves: Pacheco; Martin (80’ Guidetti), Laguardia, Ximo Navarrao, Duarte; Ibai, Brasanac, Manu Garcia, Jony (62’ Burgui); Sobrino (62’ Borja Baston) eta Calleri.

 

Txartel horiak: 48.’ Duarte, 52’. Brasanac, 72’. Laguardia, 73’ Burgui, 75’ Borja Baston

 

Golak:

 

1-0: 41'. En-Nesyri

 

Burtarqueko harmailak:

 

9.863 ikusle bildu dira Burtarqueko harmailetan. Hotzari aurre eginez Alaveseko zale batzuk bertan izan dira, beti bezala, taldeari animoak emanez.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide