Bertol Arrietak irabazi du Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketa

Erredakzioa 2018ko aza. 23a, 14:01

Miguel Angel Gonzalezen lanak irabazi du gaztelaniaz; saiakera eta poesia lan onenak ere banatu dituzte.

Aldundiak erabaki du zeintzuk izango diren 2018ko literatura sarien irabazleak. Miguel Angel Gonzalezen lanak gaztelaniaz eta Bertol Arrietarenak euskaraz atera dira garaile Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketan; Jordi Osua eta Juan Luis Suduperen saiakerak izan dira onenak Becerro de Bengoa sarian, eta Manuel Terrinen poesiak gaztelaniaz eta Fito Rodriguezenak euskaraz aukeratu dituzte Ernestina de Champourcin sarirako.

Ignacio Aldekoa ipuin lehiaketaren XLVII. edizioa izan da aurtengoa, eta 488 lan lehiatu dira saria lortzeko, iaz baino 71 gehiago. Euskarazko ipuinei dagokienez, Bertol Arrietak erdietsi du saria Bi doberman beltz lanarekin. Epaimahaiak nabarmendu du ipuinak nolako freskotasunez jakin duen islatzen eszenarik errealistenak. "Ipuinaren erritmoa narrazio planteamendu eraginkor baten zerbitzura dago, non narrazio eta deskribapen egoerak izugarri iradokitzaileak baitira. Ipuinari darion umoreak ipuinaren intentsitatea eta dramatismoa arintzen ditu", nabarmendu du. Gaztelaniazkoen artean, berriz, Madrilgo Miguel Angel Gonzalezek irabazi du Alguien debería acabar de una vez por todas con esa gente que confunde Kim Kashkasian con Kim Kardashian ipuinarekin. 

Becerro de Bengoa saiakera sariaren irabazlea ere aukeratu du Aldundiak. Hogeiren bat lan aurkeztu dira, eta gaztelaniaz Bartzelonako Jordi Osuaren Manuel Vázquez Montalban: Fútbol y Política lanak irabazi du. Euskaraz, berriz, Juan Luis Suduperentzat izan da saria Homo Loquens lanagatik. Saiakeraren muina da Herder eta Humboldt-en eskuetan "hizkuntza"-k lortu zuen dimentsio berria. Bi pertsona horiek erromantizismoaren oinorde izan zen tradizio alemaniarraren ordezkari ospetsuak izan ziren.

Ernestina de Champourcin poesia sariari dagokionez, Fito Rodriguez donostiarra gailendu Izendegi hutsa lanari esker. Arabako izenak oinarri hartuta, egileak hainbat iritzi ematen ditu hitzari eta poesiari buruz, aforismoaren, sententziaren eta poema laburraren artean neurria aurkitzen duen tonuan. Gaztelaniaz, berriz, Manuel Terrinek lortu du Los que mueren amando lanari esker. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide