Elkarretaratzea deitu dute igandean Justiziaren izaeraren kontra

Mirian Biteri 2018ko aza. 23a, 12:30

Indarkeria sexistaren aurkako eguna da igandean. Araban ekintza asko antolatu dira horren inguruan; tartean, Bilgune Feministak justizia sistemaren kontra Gasteizko epaitegian deitutako elkarretaratzea.

Askotariko deialdiak daude iragarrita igandean izango den Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan. Euskal Herriko Bilgune Feministak, esaterako, injustizian oinarritutako sistema salatuko du aurten, eta (In)justizia patriarkalaren gainetik saretze feminista lelopean, elkarretaratzeak deitu ditu azaroaren 25ean hiriburuetan. Gasteizen epaitegi parean egin dute hitzordua, 13:00etan.

Mugimendu feministaren arabera, epaitegiak ez dira "justizia-gune", besteak beste, ez dutelako jotzen indarkeria matxistaren "errora". Arbuiatu du gizonen bulkada sexuala eta bortizkeria "naturalizatzen" dituztela, eta emakumeak, ordea, pairatzen dituzten eraso sexisten "erantzule" bihurtzen dituztela. Horren ustez, gainera, Euskal Herriko azken erailketa matxistek agerian utzi dute judizialki salatzeak ez duela bermatzen emakumeak babesteko "bitarteko nahiko ezartzea".

Bestalde, ez du begi onez ikusten kartzela zigorrak gogortzearen aukera: "Gizon erasotzaileak sortu eta, indarkeria egiturazkoa ez bailitzan, gaixo mental edo basapiztia moduan zigortzen ditu. Horrela, ez da bortizkeriarekin amaitzen, ez baita bermatzen ez errepikatzea", eta horren aurrean, "erauntsi feminista" bultzatu beharra dagoela aipatu du.

Ekintzak Araba osotik

Epaitegietako elkarretaratzea ez da egunotan Araban antolatutako ekintza bakarra. Ostiralean, adibidez, Zuiako ikastetxe publikoetako neska-mutilek manifestu feminista bat irakurriko dute eta udaletxeko balkoian pankarta bat zintzilikatuko dute eguerdian. Larunbatean, berriz, 2018ko Beldur Barik Jarrera lehiaketa artistikoaren topaketa eta sari banaketa egingo dute, Gasteizen. El Pilar gizarte etxean musika, askotariko tailerrak eta askaria izan ostean, Europa jauregirantz kalejiran abiatuko dira parte-hartzaileak; bertan da eta sari banaketa.

Igandean, genero indarkeriaren kontrako martxak hartuko dituzte Samaniegok eta Ribabellosak; amaitutakoan, manifestua irakurriko dute eta mezuak idazteko aukera ere izango da herri bietan. Horrez gain, Artziniegan eta Okondon bideo grabazioa egingo dute, eta baita kontzentrazioak ere, Aiaraldeko beste hainbat herriekin batera. Aramaion ere omenaldia eta elkarretaratzea egitea dute aurreikusita.

Elkarrizketak ere izango dira; tartean, Gambian edo inguru hurbilenekoan emakumeen genitalen ebaketa desagerraraztea ahalbidetzeko esku-hartzeari buruz jardungo du Adriana Kaplanek Araian, Lapuebla de Labarcan eta Laudion.

Hainbat ekintza

23, ostirala
• Murgia: Oroko Ama Birjina eskolako eta institutuko ikasleen idatziaren irakurketa, 12:00etan.
• Artziniega: Indarkeria matxisten gaineko erakusketa, liburutegian.
• Legutio: Autodefentsa ikastaroa kultura etxean, 16:30ean.
• Argantzun: Zinea, 18:00etan.
• Zanbrana: Perkuneskak tailerra gizarte etxean, 19:00etan.

24, larunbata
• Agurain: Gure elkarteetan berdintasuna txertatzen tailerra Zabalarten, 10:00etan.
• Bernedo: Artilezko asaltoa tailerra, 18:00etan.
• Gasteiz: 2018ko Beldur Barik Jarrera topaketa eta sari banaketa. Arratsalde osoan.

25, igandean
• Samaniego eta Ribabellosa: Indarkeria Matxistaren kontrako  martxak, 10:00etan.
• Aramaio: Omenaldia eta kontzentrazioa plazan, 12:00etan.
• Artziniega eta Okondo: Bideo grabazioa eta elkarretaratzea, 12:00etan.
• Aiara: Bideo proiekzioa, 12:00etan. Gero, kontzentrazioa, karabana eta kalejira.
• Amurrio: Elkarretaratzea Juan Urrutia plazan, 13:30ean.

27, asteartea
• Arespalditza: Mindfulness eta helburu pertsonalak ikastaroa, 17:00etan.
• Araia: Adriana Kaplanen elkarrizketa, 18:30ean, Asparreneko udaletxean.

28, asteazkena
• Langraiz Oka: Emakumeen ahalduntzerako sareak ehunduz ikastaroa, 18:00etan.
• Zigoitia: Solasaldia Irantzu Varela eta Josebe Iturriozekin kultura etxean, 18:30ean.
• Lapuebla de Labarca: Adriana Kaplan Assa ikastolan, 18:00etan.

29, osteguna
• Laudio: Adriana Kaplan kultura etxean, 18:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide