Uraren hornidura eta saneamenduaren kudeaketa da Arabako ibai eta hezeguneetara doan kutsadura-kargaren jatorri nagusia, eta, hortaz, bere kudeaketa zorrotza ezinbestekoa da lurraldearen jasangarritasuna lortuko bada. Toki erakundeen esku dagoen eskumen horrek, baina, badu zailtasun franko araudiaren eskakizunengatik, jardueraren zailtasunagatik edota kostu-egiturarengatik. Baita zerbitzu hori erakunde anitz txikietan antolatzeagatik ere.
Urtegi, ibai edota akuifero batetik hartutako ura erabili eta ibai batera ondo itzularazteko kudeaketa horrek baditu hainbat betebehar, eguneroko kudeaketaz, hodien mantentzeaz, ponpaketez, edateko uren edota hondakin-uren arazteaz haratago. Etorkizunean letorkizkigukeen garapen urbanistiko berriei ur-zerbitzu ona emateko prestatu beharra dago, ibaiek erasan berririk jaso ez dezaten; uraren kudeaketan araudiek zorroztera egingo dutela jakitun, horiei egokitzeko lana aurreikusteko beharra dago; kolektoreetara isuritako uren erreglamendua onartzeaz gain, ezarrarazi egin behar da (baimendu eta kontrola egin); ordenantza fiskalak onartutakoan, tarifak ezarri behar dira zerbitzu ona dagokion legez finantziatzeko; azpiegiturak planifikatu behar dira…Egun, horiek guztiak badute hobetzeko parada lurraldean.
Orobat, zerbitzu hori zorrotz kudeatzeak eragiten dituen kostu guztiak aintzat hartuta, orduantxe azalarazten da uraren ziklo urbanoaren erakunde kudeatzailearen tamainak berebiziko garrantzia duela. Izan ere, hornidura eta saneamenduaren erakunde kudeatzaile txikien integrazioak edateko uraren ekoizpena, zein erabilitakoan ibaira ondo itzultzearen kostuak murrizten ditu. Aldiz, erakunde txiki eta isolatuen bidez kudeatzeari eusten badiogu, kudeatze-kostu horiek altu jarraituko dute; ondorioz, tarifen bitartez kostu hori berreskuratzea zailago izango da, zerbitzua eskas finantziatuko da, eta ibaiek erasanak pairatzen jarraituko dituzte.
Alabaina, Araban diren 300 gorako erakunde kudeatzaile txikiak erakunde handiagoetan integratzeak ingurumen-onura handia dakar: ibaira doazen isurketa baimenduak murrizten dira (beraz, kontrol zorrotzagoa errazten da), eta araztegi handien eraginkortasuna nabarmen altuago da (beraz, ibaira helduko den kutsadura, txikiagoa).
Horrexegatik, hornidura eta saneamenduaren kudeaketak Arabako ibaien egoeran duen eragina jakinda, nago uraren ziklo urbanoaren kudeaketa aurreratuaren alde egin behar dela Arabako lurralde osoan: zerbitzu-profesionaltasunak eta baliabideen integrazioak hauspotuta. Behintzat, Arabako ibaiek egoera ona lortuko badute.