Hurrengo urteko errenta kanpainan doako 900 lineako telefono zenbakiaren bidez, arabarrek aukera izango dute aurrez egindako aitorpenak onartzeko eta hitzordua eskatzeko. Martxoaren 29an hasiko dira Rentafacil modalitateko proposamenak bidaltzen, eta apirilaren 5etik aurrera onartu edo aldatu ahal izango dira. Bestalde, apirilaren 9tik aurrera egin ahalko dira errenta aitorpenak Aldundiaren bulegoetan.
Gailu mugikorren bidez kudeaketa gehiago egiteko aukera ere eskainiko da aurten. Mugikorrean bi klik eginda Rentafacil aitorpenak onartzeaz gain, aurrerantzean, aurretiazko hitzordua eta zerga datuak ere eskatu ahal izango dira. Izan ere, gero eta arabar gehiagok eskatzen du Ogasunarekiko izapideak telefono mugikorraren bidez egitea. Hain zuzen, azken errenta kanpainan, guztira 7.379 zergadunek onartu zuten beren gailutik, zuzenean, Rentafacil modalitatean aurrez egindako aitorpena.