Sasoikako 585 langilek parte hartu dute mahats-biltzean

Erredakzioa 2018ko aza. 19a, 09:22

Sasoikako langileen talde bat Arabako Errioxan. UAGA

Patata biltzean %23 jaitsi da sasoikako langileen eskaera; 101 lagunek parte hartu dute UAGAren programan.

Patataren eta mahatsaren kanpainetan Arabako nekazariek kontratatu dituzten sasoikako langileen datuak eman berri ditu UAGA sindikatuak. Iaz baino %20 kontratu gehiago bideratu dira sindikatuaren bitartez, eta %21 lan jarduera gehiago egin dira aurten. Dena den, arazo gehiago izan dituzte nekazariek sasoikako langileak kontratatzeko, eraikuntza bezalako beste sektore batzuetan langileen eskaerak gora egin duelako eta soldata altuagoak ordaintzen dituztelako.

Mahats-biltzearen kanpaina dagoeneko amaitu da. "Oro har aurtengo mahats-biltzea ona izan da, lasaia eta euririk gabe. Nahiz eta urte korapilatsua izan –zonalde batzuetan harria bota du eta bortritis zein mildiu erasoak jasan dituzte–, azkenean iaz baino kilo gehiago jaso dira eta kalitate handiko mahats-biltzea izan da". Guztira, 585 sasoikako langile aritu dira lanean Arabako Errioxan UAGAren proiektuaren bitartez –iaz 446 izan ziren–, eta jatorriaren arabera talde bat Errumaniatik etorri da, beste bat Ekuadorretik, Saharatik beste bat, hamahiru talde Saharaz hegoaldeko Afrikatik, eta 43 Marokotik.

Patata jasotzeko kanpainan, berriz, sasoikako langileen beharra %23 jaitsi da. Iaz 131 langile kontratu ziren eta aurten soilik 101. "Aurten langile profesionalagoak izan ditugu; UAGAren proiektuarekin aspaldi lan egiten  duten langileak dira eta horregatik hain zuzen patatak azkarrago jaso dituzte. Langile hauek Aguraingo egoitza komunitarioan ostatu hartu dute eta patatan lan egin ostean Arabako Errioxara joan dira mahats-biltzera". Patatan lan egin duten lan jarduerak ere murriztu egin dira, iazko 1.320tik 1.050era.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago