alea.eus

"Iluntasun eta geruzetara jo dugu bigarren lan honetan"

Anakoz Amenabar 2018-11-17 09:00   Kultura  Araba

Montauk taldearen bigarren lana aurkeztu du Beñat Goitiak ALEA FM saioan.

"Iluntasun eta geruzetara jo dugu bigarren lan honetan"
Montauk taldeko kideak. / Montauk | Ikusi handiago | Argazki originala

2016. urtean lehen lana aurkeztu ostean, Geruzak izeneko bigarren diskoa kaleratu du Montauk talde gasteiztarrak; ambient rock estiloko zazpi kantaz osatutako lana da, Erraia diskoetxearen eskutik, Jimmy Jazz aretoan grabatutakoa. Beñat Goitia abeslari eta gitarra-jotzaileak aurkeztu du ALEA FM saioan. 

Aurreko lanetik jauzi bat izan dela aipatu duzue.

Denborak berak jauziak egitera eramaten zaitu, eta kasu honetan soinuan eta gure arteko banda izaera hortan ere eman dugu beste jauzi bat, eta nik uste soinuan behintzat nabaritzen dela. 

Soinuan AEBetatik Ingalaterrara eman duzue jauzi hori.

Bai, hasierako soinuaren helburuetako bat beharbada ikutu ilunago, ingelesago batzuk lortzea zen, eta beste bide batzuetatik joan zen. Eta bigarren honetan uste dugu lortu dugula buruan genuen hori, eta Ingalaterrara hurbildu gara pixka bat.

Zein baliabiderekin oraingoan?

Nobedade nagusia sintetizadoreak eta programazio elektronikoa izan da. Elektronikarekin jolasten hasi gara, betiere kantuaren mesedetan, eta hori izan da iluntasun hori eta geruza guzti horiek ekarri dizkiguna.

Gorka Erostarbek honakoa dio Berrian 'Itzali da Berlin' kantaren inguruan: "Ez dago haren burbuila magnetikotik libra daitekeen belarridunik...". Nolako harrera izan du diskoak? 

Egia esan, pixka bat harrituta gaude emaitzarekin, eta harrera oso positiboa izaten ari da. Jendeak deskubritu du guk buruan genuen hori islatu dugula ere, eta errazago ikusi da. Oso pozik gaude emaitzarekin; teknikari berriekin egin dugu apustua, Jimmy Jazzen, Sagasoundeko lagunekin, eta asmatu dugu gure ideia hori gauzatzeko orduan haiekin. 

Letrek garrantzia handia dute Montauken, eta oraingoan ere hala izan da, ezta?

Bai. Askotan aipatu dugu rock literario modukoa egiten dugula; narratibitate ikutua duten istorio, kantu, nahasketa dira, eta kantatzeko eran ere badago errezitazio, xuxurla ikutu bat. Eta horrekin guztiarekin hitzei eman nahi zaie uste dugun edo merezi duten pisu hori.

Nolakoa izaten da sortze-prozesua Montauken?

Bakardadetik sortzen ditut nik kantuak. Normalean lehenengo musika izaten da, eta gero hitza gehitzen zaio musikari; baina beti kantua lehenengo buruan sortzen da, eta gero eramaten da musika eta hitzetara. Gero bandarekin lantzen dugu, gorpuzten dugu lokalean eta hori da emaitza. Askotarikoak izaten dira lehendabiziko inspirazio iturri horiek; askotan beste kantu batzuk entzunda, horietatik abiatzen da ideia, beste batzuetan irudien bitartez edo gauzak irakurrita... bat-batean ideia sortzen da, eta gero garapen hori, behin ideia sortuta, bakarrik dator.

Musikarien arteko elkarlanak ere badu garrantzia Montaukentzat, ezta? Lan honetan Libe eta Jon Basaguren aritu dira, besteak beste...

Erraia diskoetxearekin argitaratu dugu lan hau, eta bertan Izaki Gardenak, Joseba B. Lenoir eta Montauk gaude, hirurok. Izaki Gardenak taldearekin lotura polit bat sortu da honetan, eta uste genuen Jonek eta Libek parte hartzea bazuela bere zentzua; uste dut Liberen ahotsak, adibidez, puntu potente bat eman diola diskoari.

Erraia diskoetxea sortzeko garaian, zein behar zenuten? Elkartzeko beharra, lanen promoziorako…?

Hiruak autoekoizpen egoera horretan geunden, eta hiruak hiri berdinean bizi gara, hizkuntza berdinean kantatzen dugu, eta badaude beste hainbat antzekotasun... Lagun arteko giro batetik, beharrak eraginik sortutako ideia bat da, elkar laguntzeko eta elkar argitara emateko, mundu honek dauzkan kontu zailei aurre egiteko bide bat da. Estilo aldetik badaude antzekotasunak, badago ildo komun bat, nahiz eta gero, entzun daitekeen moduan, bakoitzak bere bidea jarraitzen duen. 

Eneko Ugarte arduratu da lan honetako ilustrazioez...

Bai, artista gasteiztarra da Eneko, eta hark egin du arte lan guztia Geruzak disko honetan. Oleoak egiten ditu berak, eta kantu bakoitzari ilustrazio bat eskaini dio.

Garrantzia berezia ematen diozue horri, ezta? Ilustrazioak, letrak hizkuntza desberdinetan...

Bai. Gaur egun, diskoa saltzerako orduan, eskulan hori zaindu eta bermatu egin behar da, arteak baduelako bere balioa disko fisikoa erosterako orduan, eta osotasun guzti hori beste arte disziplina horretara eraman dugu, osotasuna bilatzeko asmoz.

Lan berria ezagutzera emateko aurkezpenak izango dira laster.

Lehenengo Durangoko azokan egongo gara diskoa aurkezten, abenduaren 6an, eta gero Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean, abenduaren 23an aurkeztuko dugu; ziur aski formatu berezi bateko kontzertu bat izango da etxean emango duguna. Ostean, beste emanaldi batzuk etorriko dira eta iragarriko ditugu: Urretxun, Oñatin…

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa