Gasteizko Merkataritza arloko 1. epaitegiak ebatzi du Kutxabankek bere bezeroen kontu korronteetan eskudirutan egindako sarreren gaineko komisiorik ezin duela kobratu. Euskal Kontsumitzaileen elkarteak aurkeztutako "amaitze-ekimen" bati erantzuten dio neurriak. Komisioa bi eurotakoa zen EKAk errekurtsoa aurkeztu zuenean, baina duela gutxi Kutxabankek lau eurora igo zuen. Kutxabankek dagoeneko iragarri du Arabako Probintzia Auzitegiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela.
Teresa Trinidad Santos epaileak komisio mota honi buruz Espainiako Bankuak ere aurkako iritzia eman duela gogoratu du: "Kontu korronte batean eskudirutako sarrerak jasotzea kutxako zerbitzuaren prestazio bat da, kontuaren kontratuari atxikita eta mantentze komisio baten bidez ordaindua izaten dena". Gaineratu du diru sarrera egiten duenari kobratzea ilegala dela, "haiei ez dielako inolako zerbitzurik ematen", eta legez kontrakoa dela "zerbitzu bakar batengatik bi aldiz kobratzea edo bi pertsona ezberdinei kobratzea".
Komisio hau "bidegabea" eta "abusuzkoa" dela ebatzi du epaitegiak, eta kobratzeari betiko uztea agindu dio Kutxabanki.
EKAren ustetan, orain arte komisio hori ordaindu duten herritarrek aukera dute Kutxabanki diru hori erreklamatzeko. "Izan ere, epaile batek abusuzkoa edo legez kontrakoa izateagatik klausula bat baliogabetzen duenean, legeak dio klausula hori inoiz existitu izan ez balitz bezala jo behar dela eta klausula horren aplikazioagatik egin dena desegin egin behar dela".