Gozoki bat

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2018ko aza. 16a, 11:35

"Proteinak zahartzaroan funtsezkoak dira muskuluen tonua mantentzeko"

Luze eman dugu diabetesarekin. Proteina eta gantzei tartea eman diegu, eta umeei atal osoa eskaini diegu. Bada, zahartzaroak gurean ere bere tokia izan beharko du.

Zahartzaroan, bizitzaren beste arloetan bezala, gure gorputzak aldaera batzuk izaten ditu. Umeak garenean dena garatzen den bitartean, zahartzaroan funtzioak aldatu egiten dira. Hala nola, garunaren funtzioak eta honekin batera gure pertzepzio fisiko zein psikologikoak. Gaurkoan, era laburrean bada ere, pertzepzio fisikoei ekingo diegu. 

Lehenik eta behin, eta behar bada arazo gehien eman dezakeena, egarriaren sentsazioa gutxitzearena da. Pertsona nagusietan sarri ematen da deshidratazioaren arazoa. Alde batetik, gernu ihesari beldurrez ur zein beste likido batzuk edateari uzten zaio; eta, aipatu bezala, egarriaren pertzepzioa asko jaisten da. Ondorioz, beldurra dela, egarri falta dela, pertsona nagusiek ez dute behar beste likido edaten. Eta honi gehitu behar zaio bizitzaren une honetan gure likido beharrak gora egiten duela, besteak beste, metabolismo prozesuak errazago ematea laguntzen duelako.

Zaporeen pertzepzioa ere aldatu egiten da. Dastamen-papilen zapore atalasea aldatu eta zaporeekiko sentikortasunak behera egiten du. Azukrearekin, adibidez, kantitate gehiago beharko da gozotasun maila berdina dastatzeko. Horrexegatik, orokorrean zahartzaroan jaki goxoak jateko grina piztu egiten zaigu. Amona-aitonekin gogoratzean, zeini ez zaio burura etortzen poltsikoko gozoki urtu horiek. Eta gauza bera jaki gaziekin, gatz kantitate gehiago behar izaten da gustuko dugun gazitasun puntua lortu ahal izateko.

Zuntza eta proteinak ere funtsezkoak dira. Digestio aparatuaren mugikortasunak behera egin, eta ondorioz, zuntz beharrak gora. Proteinak, berriz, muskuluen tonua mantentzeko ezinbestekoak dira, gihar-zuntzen endekatze prozesua azkarragoa baita.

Zahartzaroan ere gure burua zaindu behar dugu. Oraindik zaintzak behar ez ditugunok urteetan ondoan izan ditugunei arreta eman, zaindu eta elkarrekin gozatu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago