Lazarraga Sarien bosgarren edizioan Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak, Trebiñu Sagardotegiak, Baiona Hortz Klinikak, Gamarrako Ostalaritza eskolak eta Paul Urkijok jaso dute saria, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen alde egindako lanaren errekonozimendu gisa.
"Lazarraga aitzindaria izan zen euskaraz idatzi zuelako; haren izena hartu duten Lazarraga Sariak ere aitzindariak dira eta saritutako enpresak ere aitzindariak dira; euskararen normalizaziorako bidea urratzen aitzindariak". Hori da sariketa ekitaldiaren funtsa eta horrela adierazi dute Lanabes Araban Euskara Lanean egitasmotik, Arabako arlo sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzen laguntzeko sorturiko ekimena, eta Lazarraga Sarien talde sustatzailea:Arabako Foru Aldundia, SEA - Arabako Enpresak, Arabako Merkataritza eta Industria Ganbera, Aenkomer - Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresariak, Electra Vitoria, Oreka It, Laneki eta Bai Euskarari Elkartea.
Euskaraz lan egin, euskaraz irabazi
Gasteizko Artium museoan ospaturiko sari banaketan lurraldeko enpresa , administrazio eta elkarte askoren ordezkariak izan dira, Lanabeseko talde eragilearekin batera eta antolatzaileak diren Arabako Foru Aldundiarekin eta Bai Euskarari Elkartearen ondoan. Nabarmena izan da Arabako Batzar Nagusietako eta Gasteizko Udaleko ordezkaritza zabala eta alderdi ezberdinen parte-hartzea: EAJ, EH Bildu, Podemos, PSE-EE-ren presentziarekin; bai eta Lurralde Historikoaren enpresa edo kulturaren alorretako ordezkaritzarekin, besteak beste.
Anakoz Amenabarrek, Arabako ALEAtik, eta Edurne Begiristainek, Berria taldetik, gidatu dute sariketa ekitaldia, La Pulga taldeko gitarra eta dantzaren erritmoaz lagundurik.
Aurtengo bost irabazleek, ekitaldian bertan ezagutarazi dituztenak, harriduraz jaso dituzte sariak, eskerrak eman dituzte eta aurrera begira euskaraz lan egiteko bidea egiten jarraituko dutela adierazi dute, finkotasunez eta emandako pausoez arro.
Saridunak
Lehenengo saria Aiaraldea Kooperatiba Elkartearentzat izan da; aurkezleen hitzetan, "komunitateari plaza komunikatibo ireki bat eskaintzen" diotelako, baina "komunikabide bat baino gehiago osatzen dutelako. Herritarrei eta kolektibitateari eragiten dieten esparru guztietan euskaraz egituratuko diren proiektuak sustatzera bideraturiko kooperatibaren gidari dira". Gainera, nabarmena da 2010etik Bai Euskarari Ziurtagiria dutela, Zerbitzua eta Lana euskaraz maila.
Begiristainek eman dio sarrera bigarren saridunari, Trebiñu Sagardotegiari. Arabako denboraldia piztu eta txotx garaia ospatzen duten bezala, Lazarraga Sariak opatzea dagokiela nabarmendu du aurkezleak, "Araban euskaraz topa egiteagatik". Gainera, esan beharra dago, Bai Euskarari ziurtagiriaren Bidean maila dutela eta ingurukoentzat erreferente bilakatu direla.
Hurrengo irabazlea irribarre osasuntsu batekin aurkeztu dute: Baiona Hortz Klinika. "Odontologiako zerbitzu integrala eskaintzen dute; osasuna, osasuna, materialen kalitatea eta zehaztasun zientifikoa bermatzen dute, konfiantzatik eta, nola ez, euskaraz". Klinikak ere, aurrekoak bezala, Bai Euskarari Bidean ziurtagiria du.
Laugarren saridunak zapore ezin hobea utzi dio emanaldiari. Gastronomian, okigintzan eta gozogintzan eskarmentu handia duen Gamarrako Ostalaritza Eskolak jaso du aitortza. Amenabarrek adierazi bezala, "profesionalei begira lan egiten dute, etorkizuneko goi mailako ostalariei begira. Arreta. Hobekuntza. Kalitatea. Berrikuntza. Lan mundurako prestakuntza. Horiek dira haien balioetako batzuk, euskaratik eta euskaraz eskaintzen dituztenak. Arabako Ostalaritzaren etorkizuna euskaraz izan dadin lan egiteagatik jaso dute saria". Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Elkarteko zuzendariak egin die aitortza.
Azken aitortza berezia izan da, umorez eta terrorez jantzita etorri da Lazarraga Sarien bosgarren edizioko bosgarren irabazlea: Paul Urkijo, Errementari pelikularen zuzendariak, zinemaren industrian, lanean, bizitzan... euskara bide hoberenetik zuzentzeagatik jaso du saria. Arabako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusiak eman dio saria.