Euskal Autonomia Erkidegoko botikagintzarako lehen 4.0 laborategia inauguratu berri dute astelehenean Arabako Teknologia Parkean. Basque Pharma Labs 4.0 izena eman diote Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko elkarlanaren emaitza den azpiegitura berriari. 1,5 milioi euroko inbertsioa egin dute 500 metro koadroko azalera duen laborategi honetan.
Bi erakundeek bi hamarkada daramatzate lanean botikagintzaren alorrean, eta azpiegitura berri honekin elkarlan horri bultzada bat eman nahi izan diotela azpimarratu du Tecnaliako Pharma Lab Services arloko arduradun Eider Larrartek.
"Laborategi honekin aro berri bat ireki nahi izan dugu elkarlan horretan". Orain arte egindako lanarekin pozik azaldu da Larrarte, baina sektoreak dituen erronka berriei aurre egiteko beharra ere azpimarratu du.
Erronka horietako bat digitalizazioa da, adituaren esanetan. "Botikagintzan dagoen arazo orokorra da hori, digitalizazioari dagokionez sektorea atzerapauso bat atzerago ohi doalako". Botiken garapenak oso araudi zorrotzak dituenez, zaila da hainbat prozedura garai berriei egokitzea. Baina horrekin bukatu nahi dute. "Besteak beste, bezeroekiko komunikazioan hobekuntzak egingo ditugu; adibidez, datu analitikoen bidalketan". Baina digitalizazioaren prozesuak Tecnaliako laborategi guztiei eragingo diela azaldu du Larrartek.
4.0 botikagintza
Beste erronketako bat 4.0 industriari ekitea da, eta arlo horretan laborategi berria erreferente bilakatzea nahi dute. Izan ere, medikuntza pertsonalizatua gero eta gehiago garatzen ari den heinean, funtsezkoa da horrekin batera medikuntza berri horren beharrak ase egingo dituzten botikak garatzea. Milioika pazienteri bideratutako botika bakar bat ekoiztu beharrean, norbanako bati edo talde zehatz bati bideratutako botika pertsonalizatuak garatzea da erronka. Horretako, botiken bioinprimaketa darabilte.
"Prozesu hori tratamendu osoa optimizatzeko erabili daiteke, adibidez, osagai aktibo desberdinak dosi bakar batean bilduta". Bestetik, eta osagai aktiboak oso garestiak diren kasuetan, botika- partida txikiagoak egin ditzakete. Ez da abantaila bakarra: iraungitze datek sortzen dituzten arazoei ere aterabide bat eman dakieke horrela. "Askotan botika ekoizle batek eskatu digu botika-sorta txikia egiteko, gure planta malguagoa delako. Eurei garestiegi aterako litzaieke, tirada handiak egiteko prestatuta dituztelako euren laborategiak".
Hor ikusi dute, hain zuzen, merkatu-hobia: enpresa handi askok zerbitzuaren beharra dute. Gertukoaz harago, mundu osoko merkatua dute jomugan."Espainiako eta Europako merkatuei ez ezik, AEBetako merkatuari begira gaude", azaldu du Larrartek. Norabide horretan, aurrerapauso garrantzitsua da laborategia. "AEBetako FDA Botika eta Elikagaien Administrazioaren ikuskaritza igarotzeko moduan gaude orain".
Etorkizunari begira, digitalizazioan sakondu eta botika pertsonalizatuen bidea jarraitu nahi dutela dio Larrartek, genomika ahaztu barik. Baina profesional berriak sortzeko ardura ere gogora ekarri du. "EHUrekin dugun elkarlana indartuko dugu, baina beste arloak ere jorratuko ditugu; tartean, lanbide heziketako ikasleekin arituko gara".
Profesional horiek beharrezkoak izango dira buruan duten helburura iristeko: "Botikagintza erakarri nahi dugu Arabara, lurralde honek industria horretarako aukera bikainak eskaintzen dituelako". Logistikaren ikuspuntutik dauden abantailak jarri ditu adibidetzat; zehazki Araban dagoen hub logistikoa gako omen da.