Arabako ur partzuergoak epel utzi ditu kontzejuak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko aza. 15a, 07:00
Ur saneamendua eta hornidura kontzejuen eskumena da Araban. PHOT.OK

Ur partzuergo bakarra sortzeko plana du Diputazioak; kontzejuek aspalditik kudeatu duten eskumena bereganatu eta ur hornidura zein saneamendua modu "profesionalean" egiteko. Errezeloa sortu du asmoak.

Hoztasunaren eta errezeloaren artean garatzen ari da Araban ur partzuergo bat eta bakarra sortzeko Diputazioak bultzatu duen asmoa. Kontzejuek aspalditik kudeatzen duten herrietako ur hornidura eta saneamendua bereganatuko lituzke balizko partzuergoak, zerbitzuaren "kalitatea, segurtasuna eta eraginkortasuna" ziurtatzeko asmoarekin. Arabako Diputazioaren planak Eusko Jaurlaritzaren eta Uraren Euskal Agentziaren babesa du. 

Halere, zerbitzuaren kalitatea eta eraginkortasuna dagoeneko ziurtatuta daudela uste dute hainbat kontzejuk, eta ez dute Araban ur partzuergo bakar baten beharrik ikusten. Egon daitezkeen arazoak "profesionaltasun" faltagatik baino, finantzazio eta baliabide eskasengatik sortzen direla uste dute. "Arabako Batzar Administratiboak uraren kudeaketa eredugarria egiten ari dira. Ez dago arazorik, ur-partzuergo bat eta bakarra sortzea ez da gure lehentasuna", esan du Joseba Terreros Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakariak.

Asmoa aspaldikoa bada ere, martxoan aurkeztu zuen Arabako Diputazioak ur partzuergo bat eta bakarra sortzeko proiektua, eta azpimarratu zuen borondatezkoa izango dela atxikimendua. 2019. urtean erakunde berria martxan jartzea aurreikusten dute. Hala, martxoa eta maiatza bitartean hainbat bilkura egin dituzte ur partzuergoaren berri emateko, eta ekainaren hasieran inkesta bat zabaldu du Diputazioaren Ingurumen sailak herrialdeko udalen eta batzar administratiboen artean proposamenaren inguruko iritziak jasotzeko.

Interes gutxi

Inkesta horren emaitzek agerian utzi dute ur partzuergoa sortzeko proposamenak epel utzi dituela interesatuak. Guztira 330 inkesta bidali zituen Diputazioaren Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak beste horrenbeste erakunderi (50 udal, 10 ur partzuergo eta 270 batzar administratibo), eta soilik 46k erantzun diote galdetegiari (%13,9). 

Erantzun dutenen artean, erdiek baino gutxiagok (%47,8) uste dute uraren eskumena 350 erakunderen eskuetan egotea negatiboa dela; gehienen ustetan positiboa da egungo kudeaketa (%21,8) edo ez da ona ez txarra (%23,9). 

Dena dela, gehienek uste dute kontzejuen kudeaketa hobetu daitekeela (%82,6). 

Atxikimenduak

Galdetegiaren emaitzarekin batera, ur kudeaketaren inguruko proiektuak piztu duen interes eskasaren erakusle da ere ur partzuergora atxikitzeko borondatea erakutsi duten erakundeen kopurua. Izan ere, Batzar Administratibo gutxi batzuk atxiki dira oraingoz Arabako ur partzuergora, 52 hain zuzen, eta soilik bost udal. Iraileko datuak dira horiek, Podemos taldeak Arabako Batzar Nagusietan egindako galdera bati erantzunez Diputazioaren Ingurumen sailak zabaldutakoak.

Josean Galera Ingurumen diputatuak azaldu du ahalegin handia egiten ari direla Foru Aldunditik azken asteetan Arabako ur partzuergoan parte hartuko duten erakundeen zenbakiak handitzeko, eta garrantzitsua dela eztabaida piztea herri guztietan. Hala, azaroa amaiera bitartean "atxikimendu zaparrada" espero dutela nabarmendu du. 

Egitasmoa bultzatzen diharduen Uraren Euskal Agentziak ere behin baino gehiagotan azpimarratu du Arabako herrietan uraren hornidura hobetzeko ezinbestekoa dela erakunde bakar baten eskuetan egotea kudeaketa.

Foru aurrekontuen negoziazio mahaian

Ur partzuergo bakarraren inguruko eztabaida pil-pilean egon da urte hasieratik Arabako Batzar Nagusietan, eta oposizioko talde politikoen aldetik kritika ugari entzun behar izan du foru gobernuak proiektuaren funtsa eta formagatik. 

Ur hornidura eta saneamenduaren kudeaketaren inguruko hausnarketa plazaratu du EH Bilduk azken egunotan, aurrekontuen negoziazioaren harira. Hala, Arabako Foru Aldundiak bultzatu duen partzuergoaren "porrota" nabarmendu du koalizioak, eta Diputazioaren Ingurumen sailari atzera egiteko eta "benetako parte-hartze prozesu bat martxan jartzeko" eskatu dizkio EH Bilduk. Tokiko erakundeekin batera egitasmo berri bat osatzea galdegin dio Diputazioari talde politikoak, "haiek baitira eskumena dutenak". 

EH Bilduk gaineratu duenez, edozein motako proposamena egin baino lehen aztertu beharko da herrialdean kontzejuek eta udalek zer behar dituzten eta nola konpondu daitezkeen hobekien ur horniduraren eta saneamenduaren inguruan dauden arazoak. EH Bilduko ordezkari Kike Fernandez de Pinedok ohartarazi du Diputazioaren proposamenak "nahasmena" eta "errefusa" sortu dituela herrietan.

PPk partzuergo bakarraren aldeko jarrera adierazi du aspaldi, baina hasieratik kritikatu du foru gobernuak kontzejuei kudeaketa eredu zehatz bat "inposatu" nahi diela, eta negoziatu gabe abiatu dutela prozesua. "Uraren kudeaketa profesionalizatu behar da, baina guztiak aintzat hartu behar dira", esan du Ana Morales PPko batzarkide taldeko bozeramaileak.

Podemos batzarkide taldeak ere tokiko erakundeen parte-hartze falta nabarmendu du, eta kontzejuei bidalitako inkesta ez dela nahikoa iritzi dio: "Inkesta bat ez da parte-hartze prozesu bat".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide